Euskara zerbitzuentzako diru laguntzen murrizketak salatu dituzte nafar Udalek
Azken urteotan Nafarroako Gobernuak tokiko erakundeetako euskara zerbitzuei emandako diru-laguntzak asko murriztu direla salatu zuten atzo Iruñean hainbat udal ordezkarik. 1998an 700.000 eurotik gora jasotzen zuten, aurten, aldiz, 297.000 euro jasoko dituzte.
GARA |
1998. urtean Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen artean udal esparruan euskararen erabilpena normalizatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zenetik, Gobernuak euskara zerbitzuei ematen dien diru kopurua izugarri murriztu du. Hala salatu zuten atzo Iruñean hitzarmen horren jarraipen batzordea osatzen dute hainbat ordezkarik.
Duela hamaika urte euskara zerbitzuei 724.219 euroko laguntza ematen zieten, eta aurrekontu hori 2005era arte berdin mantendu da. Urte hartan, hizkuntza politikako zuzendari nagusi Pedro Pegenautek erdira jaitsi zuen kopuru hori, eta geroztik igoera txikiak eman zituen 400.000 euroko kopurura iritsi arte. 2007an Euskarabidearen sorreraren ostean, Xabier Azanzak diru laguntzen igoerak iragarri zituen, eta 500.000 euroko langa gainditu zen, hainbat hilabeteetan diru laguntza izoztuta egon bazen ere.
Udal ordezkariek atzo azaldu zutenez, aurten 297.000 euro banatuko dira, «Pegenauteren urterik okerrenean baino gutxiago». Eta gainera, orain dirua euskara zerbitzu gehiagoren arten banatu behar da, 18 izatetik 22ra pasa baitira.
Udal ordezkariek gogorarazi zuten diru-laguntzen murrizketa horien gainetik, toki entitateetako euskara zerbitzuek lanean jarraitu dutela, «esfortzu ikaragarria» eginez. «Udalek eta toki entitateok hitzarmenaren helburuekin bat egiten jarraitzen dugu, eta aurrera egiteko borondatea adierazi nahi dugu», jakinarazi zuten, baina, hala ere, argi utzi nahi izan zuten Miguel Sanzen Gobernuak ez dituela «hitzarmenaren helburuak gauzatu ahal izateko bitarte ekonomikoak jartzen».
Zentzu horretan, ohartarazi zuten 2009ko aurrekontuan entitateen eta Gobernuaren arteko hitzarmenean adierazten den euskararen aldeko filosofiarekiko aldaketa sumatzen dela. Duela hamaika urte sinatutako hitzarmen horren helburuen artean «euskararen erabilera eta euskal kultura sustatzea» eta Udaletako langileen euskalduntze prozesua bermatzea» argi aipatzen ziren.
Proposamena
Egoera konpondu nahian, udal ordezkariek Euskarabideari euskara zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatzeko «diru laguntza erreal bat» eskaini dezan proposatu diote, mintzatzen hasteko abiapuntu bezala. Bestalde, antzeko egoeran dauden euskarazko hedabideei eta helduen alfabetatzeko erakundeei «elkartasuna» adierazi nahi izan diete.
Toki entitateetako udal ordezkariek ohartarazi zuten Gobernuak euskara zerbitzuei ematen dizkien diru laguntzak murrizten jarraitzen badu, zerbitzu hauen etorkizuna «kinka larrian» egongo dela.