GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Txistuen aldeko txaloak

Egunotan mapako herrialde bi pasatu zaizkit burutik, arrazoi desberdinengatik pasatu ere. Hain da kontrolaezina norberaren burua! Horra, lehengoan euskal prentsa belaunen gainean zabalik komunean patxadaz jezarrita nintzela Nepal etorri zitzaidan burura kolpe batez. Hangoek hango monarka pikutara bialdu zutelako ote? Ez, ez horregatik, modu zuzenean behintzat. Nepaleko mendialdeko goi-lautaden isilagatik etorri zitzaidan herrialdea burura. Ez, ez ditut hango zortzi milakoen baseko kanpalekuak gogoan orain, jakin badakidalako leku horietako harriek aspaldi galdu zutelako isilaren goxoa. Ez, beste kontu batengatik bururatu zitzaidan Nepal. Izan ere, isilarekin zerikusirik ez duen kontuarengatik. Zerentzunik, ostera, izan baduen kontu batengatik. Bai, Mediterraneoko bazterreko hiri handi bateko futbol-zelaian zen gertatu. Gaueko hamarrak jo berritan, katedraleko dorrearen erloju gizajoan. Stadiumeko bozgorailuak txunta txunta tatxun tatxun tatxunka hasi bezain laster akabo txuntatxunta! Pikutara! Haxe bai txistu zaparrada harmailetatik mundura jaiki zena! Erdalmetek berak ere ezin iragarritako zaparrada, monarkak eta ondoko sozialista monarkikoak txistutakorik gabe harrapatu zituena! Beheko Estatu horretan ikus-entzule gehienak ez ziren horretaz konturatu, une horretantxe hain justu energia-ahulalditxo bat suertatu omen zelako kableen sarean; tira! Kuban periodo berezian ohikoa zen legez! Ikus-entzuleok geroxeago entzun zuten txunta txunta baina karaoke erara. Tira! izan gaitezen serio! Ni bertan izan ez banintzen ere, jakin badakit denak ez zirela han txistuak izan, ezetz demontre! txalo batzuk ere izan ziren: txistua egiten jakin ez eta txistuka zeudenak txalotzen zituztenen txaloak.

Baina Nepal ez da burutik igaro zaidan herrialde bakarra. Caiman Uharteak ere igaro zaizkit leku beretik. Menditik kostara. Zeinek pentsatuko Lakuako sozialisten zorioneko aldaketa hori hain bat-batekoa izango zenik! Eguraldi-mapatik Iparraldea ezabatu eta horren ordez Caimanak sartu, nonbait hemengo sozialista asko hara joaten baitira asteburuetan eta jakina! hango eguraldiaren berri izateko eskubidea bermatu nahi die Gobernu zer berriak. Paradisu fiskala izateaz gain fiskalen paradisua ere izango omen, hain lanpetuta ez baleude behintzat. Puntu com, beti ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo