Eider Rodriguez
Musikaren iraultza
argia
Garai batean gauzak zailago ziren, eta, beraz, sinpleago. Gosea honatago bizi zen, eta gosetuok taldea osatzen genuen eta harro ginen eta ezkerreko. Tokatzen zelako kasik. Baina muturreko klaseen artean tarteko klaseak azaltzen hasi orduko, elkartasun hura desagertu zen. Gelako pobreek pobre izaten segitu zuten, noski, baina gelako aberatsen ezaugarri batzuk hartu zituzten: Levi'sak, Nike txandalak, Nintendo jokagailu elektronikoak.
Ondoren, dirua merketu zen eta kredituak erraztu zituzten eta aberatsen janzkerak ez ezik, haien autoak erosten eta eskiatzeko forfaita ordaintzen hasi ginen. Uste izan genuen aberatsen unibertso hura ez zela horren arrotza, eta gonbidatu bakarrik ez, tematiak izanez gero bertakotu gintezkeela. Ametsa zen: penuriak eta gosea ahazturak irentsi zituen, urre koloreko azala eta zetazko eskuak izatea zen gure oraina. Eta orduan denok «higiezin» hitza ikasi genuen, eta hitzarekin batera, «higiezinekin» negozio txit oparoak egin zitezkeela, geure patrikak betetzeko, eta, bidenabar bestetzuenak husteko. Berandu zen gelditzeko.
Bitarte horretan, aberatsek ere egin zuten sartu-irtenik kontrako bandara, eta almidoi usaineko arropak baztertu eta erosoago janzten hasi ziren, umilago, pobreago. Izan zen garai bat, non, gazte aberatsak, gazte ez hain aberatsekin zeudenean kontzertu batean edo fakultateko tabernan «ez daukat xentimorik!» esaten zuten, harro. Dirua izatea ez zegoelako modan aberatsentzat. Pobrearen rola jokatzearen luxu eztia dastatzen zuten (gauza bera gertatzen da neska eta mutil ederrekin: grano bat ateratzen zaien aldi bakanetan, itsusiaren rola jokatzea maite dute), muturren arteko espazioa lanbro erromantiko batek hartua zuen, eta alde batetik bestera jauzika ibiltzea zilegi zen, estetikaren mugetan barna, beti ere
Bazirudien geure bizitokia aldatu egin zela, errotik. Ez genuen deus ulertzen eta informazioa pilulaka iristen zitzaigun, eta hura irensteko basoa urez bete aurretik beste pilula bat geneukan, beste kolore batekoa, akaso ezkerra desagertu zela esaten zuena, edo, beharbada, ezkerra berpiztuko zela iragartzen zuena.
Irakurri dut Patxi Lopezek Sarri, Sarri dantzatu zuela inoiz. Berak esana da, kanpainan, harrotasunez aldarrikatua. Apaizek ere ardoa maite dutela aitortzen dute humanoago agertu aldera. Lopezek jator itxura izan nahi du, kaletar, humano, ezkertiar itxura, horregatik ere uzten du hazten txilibitua eta ez bibotea.
Kontrako bandara jauzi egitea guztiontzat delako ezti.