GARA > Idatzia > > Kultura

Artea denen eskura Azkainen, «Erakusketa karrikan» ekimenarekin

Idoia ERASO| AZKAINE

«Toki bat eskaini nahi diegu artistei, beren lanak aurkez ditzaten. Ipar Euskal Herrian galerietako jabeek ez dituzte ezagunak ez diren pertsonen lanak aurkeztu nahi izaten, horregatik galeria hau sortzeko beharra ikusi genuen» azaldu zuen Sofi Ourdanabia Manterolak, elkarteko presidenteak. Iparraldeko hiru lurraldeetan mota honetako beste bi egitura bakarrik existitzen dira.

2008ko maiatzean ireki zutenetik, 60 artistek parte hartu dute galeriako erakusketetan, eta lehen urteurrena ospatzeko, «Erakusketa karrikan» ekimena antolatu dute gaurko, Azkaineko frontoi nagusian. Artearen arlo anitz jorratzen dituzten hogeita bost artistek parte hartuko dute, eta giroa berotzeko beste hainbat ekitaldi ere antolatu dira. Musika taldeak ibiliko dira egunean zehar herrian zehar, besteak beste, euskal musikaren edo jazzaren doinuak zabalduz. Haurrentzako margo tailerrak ere antolatu dira.

«Ekimenarekin artearen demokratizazioa lortu nahi dugu. Askotan jendea ez da ausartzen galerietan sartzera, eta artelanak karrikara ateratzean, artista eta gizartearen artean harremana erraztu nahi dugu» azaldu zuen galeriako presidenteak. Artisauak ere izango dira Azkainen, horrela margolari eta zizelkariekin batera, zeramika, arropa edota altzariak egiten dituzten eskulangileek salgai jarriko dituzte beren lanak.

Denei irekia

«Profesionalak diren artistak, baina oraindik izena egiten ari direnak etortzen dira gugana, guk tranpolinarena egiten dugu» azaldu zuen Ourdanabia-Manterolak.

Bestalde, helduentzako doako ikastaroak ere proposatzen dituzte urte osoan zehar. Astearte eta ostegunetan, Azkainen bertan, elkarteko presidentearekin lanean aritzeko aukera eskaintzen dute. Arte Ederretako ikasketak egin ditu Ourdanabia-Manterolak eta interesa dutenak, nahi izanez gero, teknika ezberdinetan gida ditzakeela azaldu zuen berak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo