GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Demokrazia eza salatzeagatik Antigua auzoko 13 lagunek epaitegira joan beharko dute

GARA |

Martxoaren 1ean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian hauteskundeak izan ziren egunean, Euskal Herriak bizi duen demokrazia eza salatzeagatik Donostiako Antigua auzoko hamahiru bizilagunek auzitegira joan beharko dute epailearen aurrean deklaratzera. Ertzaintzak identifikatu zituen eta orain desordena publikoak, desobedientzia eta hauteskunde delitua egozten diete.

Auzipetuek berriz, salaketa hori gertakariekin bat ez datorrela argitu dute, eta egun hartan ertzainek agertutako «prepotentzia» gaitzetsi dute. Atzo, Antiguako Gaskuña plazan egindako prentsa agerraldian hauteslekuetan benetan gertatutakoa azaldu nahi izan zuten.

«Egun hartan, «Euskal Herria ez dago salgai» adierazten zuten kartelak erakusgai genituela Ertzaintzak identifikatu egin gintuen. Nagusiak esan zigun ezin genuela bertan egon eta atxilotu egingo gintuela mehatxu egin zigun», azaldu zuten.

Baina polizien jazarpena ez zen horrekin amaitu. «Handik gutxira, hautesleku baten atarian pipak jaten genbiltzala ertzainek berriro identifikatu gintuzten eta handik joateko agindu ziguten, atxilotzeko mehatxupean. Han geratzen baginen, diligentziak irekiko zizkigutela eta hautesleku batetik 30 metro baino hurbilago ikusten bagintuzten atxilotuko gintuztela esan zuten», azaldu dute.

Salaketa horiek direla-eta, «Ertzaintzak duen inpunitatea agerian uzten dutela», eta Euskal Herria «askatasunean eraikitzeko debekuak ezarri eta aplikatzen dituzten alderdien jarrera» salatu dute. Hala, gertakarien egunean Ertzaintza gidatzen zuen EAJ ere gogor kritikatu dute, «bide errepresibo, polizial eta judizialaren bidez ezkertiar eta abertzale garenok kaletik bota nahi gaituelako».

Ertzaintzaren inpunitatea

Eraso horien guztien aurrean, Antiguako independentistek Euskal Herriaren eskubideen alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute.

«Hor egongo gara, errausketa eta bestelako inposaketen aurka, errepresaliatuen eskubideen, jai herrikoien eta euskal naziotasunaren alde lanean, eta baita langileon aldeko mobilizazioetan ere», ohartarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo