GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Konexioa zabalik uztearen arriskuez ohartarazi dute, Ondarroan Wifi Mapa eginda

Uni Eibar-Ermua ikastetxeko Informatikako zikloetako ikasleak Ondarroako Wifi Mapa osatzen aritu dira. Haririk gabeko konexio irekiak topatu zituzten batean eta bestean.
p022_f01.jpg

GARA |

Ondarroako Alameda inguruan bildu ziren asteartean Uni Eibar-Ermua ikastetxeko Informatikako zikloetako lehenengo mailako ikasleak eta irakasleak. Guztira, sei talde osatu zituzten. Ordenagailu eramangarriak, PDAk edota PSPak eskuetan, kalean zehar, puntu ezberdinetan detektatzen diren wifi sareak zehaztea izan zuten xede.

Urtero pare bat herri aztertzen ditu Uni-ak, horietan dauden wifi sareak aurkitzeko asmoz. Joan den urtean zehar, Eibarren eta Ermuan ibili ziren, eta praktika arrakastatsua izan zen oso. Aurten, aurreko urteko praktika arrakastatsuaren ondoren, Ondarroan izan dira, eta Bergaran gauza bera egiteko asmoa dute datozen egunetan.

Helburua, besteak beste, wifia edo haririk gabeko konexioa zabalik uztearen arriskuez ohartaraztea da. Arriskuetan txikiena Interneteko konexioa partekatzea litzateke, eta ondorioz, nabigazioaren abiadura moteltzea. Hala ere, «kontzeptualki askoz arriskutsuagoa da zure barne sarean ezezagunak ibiltzea» argitu zuen Uni Eibar-Ermuko Informatikako irakaslea den Oskar Gisasolak.

Talde bakoitzak auzune bat miatu zuen, eta 50 metrotik 50 metrora zenbat sare detektatzen diren markatu zuten. Wifi sareak autoan ibiliz bilatzeko ekintza horri wardriving deritzogu, baina asteartean bilaketa oinez egin zuten.

Eibarren eta Ermuan aurkitutako mota horretako Interneterako sarbideekin egin zuten bezala, sare guztiak google maps/tagzania erabiliz Interneten jarriko dituzte. Bertan, mapa baten gainean ikusgai dira wifi konexioa duten guneak. Hala ere, zerbitzua hobetzeko asmoz, «Uni-ak tagzanian duen bai erabiltzaile izena (uniee) eta bai pasahitza ere (uniee) plazaratzen ditugu» aipatu zuen Oskar Gisasola irakasleak.

Emaitzak alderatzen

Nahiz eta iazko esperientziarekin emaitzak ezin diren zuzenean estrapolatu, hainbat gogoeta egitera ausartu dira Ondarroan hartutako datuak kontuan izanik.

Lehenik eta behin, wifi sareen hedakuntza «ikaragarria» dela adierazi zuten. Izan ere, aztertu dituzten hirietako erdiguneetan, edo etxebizitzak dauden edozein gunetan, hamar konexiotik gora detektatzea gauza arrunta da.

Segurtasunari dagokionez, aurrerapausoak eman dira. Batez besteko segurtasuna hobea bada ere, telekomunikazio konpainien «erruz» dela adierazi zuten. Hau da, erabiltzaileek eurek esfortzu handirik ez dute egin sarea irekita uzteak dakarren arriskua murrizteko.

Azken urteetan saltzen edo banatzen ari diren router-wifi guztiek gakoa dute ezarrita, fabrikatzaileak ipinitakoa da eta komenigarria da aldatzea. Hori da, hain zuzen, erabiltzaile gehienek egiten ez dutena. Bestalde, Ondarroan zabalik dauden sareen kopurua %10koa da.

Egindako beste hausnarketa batek telekomunikazioko konpainiekin zerikusia du. Adituen ustetan, konpainien banaketa orekatuagoa beharko litzateke izan. Guneak daudela dirudi, hau da, auzo batean Telefonica da nagusi, beste batean Euskaltel edo Jazztel, eta «deigarria» egiten zaie hain «nahasketa gutxi» izatea auzoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo