Jean Dauguer
Irabazi arren, Heineken Kopatik at geratu da Aviron
Baionarrek sekulako denboraldia egin dute, baina zazpigarren geratu dira, seigarren geratu den Briverekin berdinduta. Frantziarren mesederako izan dira, ordea, bi taldeen arteko partiden emaitzak.
AVIRON
Jon LEUNDA | BAIONA
Ez da posible izan, Avironek ez du datorren urtean Heineken Kopa jokatuko. Atzo irabazi egin behar zuen, eta gainerakoen emaitzei begiratu. Bere lana ongi egin zuen, baina Brivek berdindu egin zuen. Bi taldeak puntuetan berdinduta geratu ziren, baina bien arteko partiden emaitzei begiratuta, frantziarren zenbakiak hobeak ziren, eta baionarrak Europako lehiaketarik garrantzitsuenetik kanpo utzi ditu horrek, eta datorren urtean ere European Challenge jokatu beharko du.
Norgehiagoka ona izan zen, bi taldeek ikuskizun polita eskaini baitzuten. Jokoan zerbait zuena Baionako taldea zen. Parisekoek ez zuten ezer jokoan, eta lasaitasun horrekin aritu ziren. Parisekoek jadanik finalerdiak jokatzeko txartela lortuta zuten, baina lasai aritu arren, ez ziren denbora pasatzera etorri, eta amaieran galdu bazuten ere, lan asko eginarazi zion Baionako taldeari.
Denboraldi hasieran Stade menderatzea gauza handia izango zen, baina aurtengo urtea nola joan den ikusita, eta atzo jokoan zegoena zer zen ikusita, aurtengo garaipenik garratzenetakoa izan zen.
Gauza onik ere izan zen ordea. Horien artean, eta emaitzaz eta joko onaz gain, Garcia izan zen. Jokalari honek kritika ugari jaso ditu, jaurtiketetan ez baita denboraldian zehar fin aritu, baina atzo lan bikaina egin zuen, eta jaurtitakoak barrura sartu zituen.
Bestetik, zaleen erantzuna, amaieran taldea erruz txalotu baitzuten. Denboraldia nola joan den ikusita denek zuten pena azkeneko helburua ez delako bete, baina taldea hazten ari da, eta denek dakite helburu handi horiek ere helduko direla.