Kronika | Azkena rock festival
Aztiak eta beleak beltzak dira, soulman berriak eta zaleen azalak zuriak
Azkena bukatu da. Atzo itxi zituen ateak, eta datorren urtera arte zaleak agurtu, irailera arte itxaron ordez etxerako lanak egin eta maiatzeko azterketak bikain gainditu ostean.
Anartz BILBAO
Atzoko izar nagusiaren jarduna, Alice Cooper aztiarena, ikusteke utzita ere, gustura eta ase utzi gaitu Azkenak beste behin, herenegun «Bele Beltzek» maisutasun eta dotorezia osoz gozarazi ziguten zuzenekoarekin, batez ere. Gainera, zaleak erruz hurbildu ziren Mendizabalara (antolatzaileen esanetan, 14.000 bat inguru) eta eguzkipean -erropa ilunak bai, baina aurpegi zuriak gorritzen hasiak dira- giro bikaina izan genuen bazkalostetik. Eta atzo, beste horrenbeste, gustuko taldeen kamiseta ilunak (baita futboleko zurigorri batzuk ere, Valentziatik Gasteizera hurbilduak, Bilbon geldiunetxoa eginda) eta gero eta deigarriago diren tatuajez josita.
Goiz eta gau
Atzokora bueltatuta, eta Fun Lovin´ Criminals, Alice Cooper eta Toy Dolls azken hirukotea bihar aipatzeko utzita, Reverendo Parker etxeko taldeak ireki zuen jaialdia Ron Ashetonen begirada erasokorrak babestutako karpan, eta Jonny Kaplan & The Lazy Stars jatorrari bidea eman, «Seasons» aurkez zezan. Hortik aurrera, bi oholtzetan txandaka eta etenik gabe jarraitu zuen festak, rocka zentzurik zabalenean ulertuta: country, soul, hard rock, blues, punk, funk edo metal doinuak eta beste.
Jende ugari zen eguzkipean The Black Keys taldeko Dan Auerbachek oholtza nagusian jo zuenerako, bakarkako debuta, “Keep It Hid”, zuzenean emateko. Berriro karpapean (zale ugari betaurreko beltzez hemen ere), eta aurreko pare bat jaialditan kale egin ostean, David Eugene Edwardsek jo zuen, baina ez 16 Horsepower taldearekin, Woven Hand egitasmo berriarekin baino.
Musikak isilunerik ez duenez, zaleek tarteak hartzen dituzte aurten paratu gezurrezko belardian botata eguzkia hartzen egon, musikari dohainak erakutsi edo jan edanerako, eta inoizko jaialdirik erlaxatuena bizi dugu, agidenez («Neskak ere inoiz baino gehiago dira aurten», gehitu du lagun arretatsu batek). Asko dira talde mirestuen kamiseta edo biniloen arrantzan dabiltzanak ere: begiratu, galdetu, aholkuak entzun eta erosi –«astiro baina martxa onean», diote standetan–.
Mike Farris, pletoriko
Arratsa aurrera doala, Rob Younger sorgor eta zurbil bat ageri da Lux Interiorren eskenatokian, «Kristo Berriak» gidatuz. Australiako musikari eskarmentodunetariko batzuk biltzen ditu New Christs egitasmo erasokor eta gordinean Citadel etxeko ekoizle eta Radio Birdmanen abeslari Youngerrek.
Hortzak estututa, australiarrak entzun ostean berriro ere karpapean babestu gara, nabarmendu beharreko jardunaz gozatzera. Mike Farrisek hartu gaitu bertan: «Basque Country, te quiero mucho». Aurreko egunean Eli «Paperboy» Reedek egin legez, Andra Mari Zuriaren plazan kantatu zuen eguerdian Farrisek (Reedek bakarka eta Farrisek talde murriztuarekin), guk ikusi ez genituen arren -eguerdia goizegi da rockerako, lagun!-. Eta iluntzean ere, Mr. Boom Boomek bezala, zaleak dantzan eta kantuan jartzea lortu du gustura dagoen Farrisek, ahots indartsu eta kalipu ikaragarriarekin. Bederetzi laguneko The Roseland Rhythm Revue banda du lagun kantariak, tartean haize sekzio euskalduna eta abeslari beltz bi, panderoari astindu ederrak ematen dizkiona bata. Bikain atzo, guztiak ere.
Molly Hatchet -beltzez jantzitako seikote tximaluzea- aspaldikoak hasi dira jo eta su rock gogorra astintzen, motorista itxura ikaragarriarekin. Iluntzea aurrera doa eta haize hotzak hartu du eremua, antzerki iluna hurbil dugulako akaso. Alice Cooperren aurretik jendearen urduritasuna baretzen saiatzekoa da Fun Lovin´Criminals, eta ondoren abiadura garratza ematekoa Toy Dolls. Kontu horiek, biharko.