Desarme nuklearrari buruz hitz egiten hasi dira Mosku eta Washington
Desarme nuklearraren gaineko lehen negoziazioak hasi zituzten atzo Moskun Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Errusiak. Abenduan amaituko den ituna ordezkatuko duena eratzea dute helburu. Elkarrizketa horiekin, bi herrialdeen arteko harremana ere sustatu nahi dute.
GARA |
Desarme nuklearraren gainean itun berria adosteko elkarrizketak hasi zituzten atzo Errusiak eta AEBk. Moskun bildu ziren Errusiako Atzerri Ministerioko Segurtasun eta Desarme Saileko zuzendari Anatoli Antonov eta AEBetako Estatu idazkariorde Rose Gottemoeller. Ez batak, ez besteak ez zuten elkarrizketen edukiari buruzko azalpenik eman. Agerraldirik ere ez dute egingo.
Bilkura horrek bi helburu nagusi ditu; batetik desarme nuklearra jorratzea eta, bestetik, bi herrialdeen arteko harremanak oneratzea, izan dituzten tirabiren ondoren. Dmitri Medvedev eta Barack Obama presidenteek egungo ituna iraungi baino lehen -abenduan- akordio bat lortuko zutela hitza eman zuten.
Arma Estrategikoak Murrizteko Ituna (START ingelesez) 1991n sinatuko zuten orduko Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak (SESB) eta AEBek. Gai honen gainean indarrean den hitzarmenik garrantzitsuena da.
«Elkarrizketa eraikitzailea garatzeko prest gaude. Espero dugu bi aldeek erakutsi duten baikortasuna emaitza praktikoetan islatzea», plazaratu zuen Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile batek.
Haren aburuz, atzoko gailurra ez da «iritzi trukaketa hutsa. Etorkizuneko itunaren gainean alde bakoitzak bere proposamenak azal ditzan eztabaida gunea izan nahi du».
Hitzak politak izan arren, desadostasun handiak dituzte. Bilera bezperan Serguei Lavrov Atzerri ministroak argi utzi zuen Errusiak ez duela Europan misilen aurkako ezkuturik nahi.
«Hitzarmenak mundu mailako segurtasuna kontuan hartu behar du, eta segurtasun horren barne Errusia dago. Beraz, ezkutuarena jorratu beharreko gaia da», ohartarazi zuen.
Errusiako hedabideen arabera, Moskuk desarme nuklearrean atzera egingo du Washingtonek ez badu bere egitasmoa bertan behera uzten. «Txekiar Errepublikan eta Polonian ezkutuak jartzeko asmoa ez badute baztertzen, START berri bat ezinezkoa izango da», adierazi zuen «Vremia Novostei» egunkari independenteak.
Desadostasunak ez dira gai horretara mugatzen. Itunak biltegietan gordeta nahiz zabalduta dauden buru nuklearrak eta bektore estrategiko guztiak, hala nola misilak, urpeko ontziak eta hegazkin bonbaketariak kontuan har ditzala aldarrikatzen du Moskuk. Washingtonek, berriz, soilik operatiboak diren buruetan oinarritzea nahi du.
Nazio Batuen idazkari orokor Ban Ki-moonek, desarme nuklearraren gainean dagoen «pultsu berria»ri etekina ateratzeko eskatu zuen Genevan gaiari buruz eginiko Konferentzian.