GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Txokolatearen besta

Laurehun urteko tradizio ezkutua, hiru egunez herritarren eskura

Laurehun urte ospatzen dira aurten Baionako karriketan txoko- lateak lehendabiziko agerpena egin zuenetik. Ostiralean hasi eta gaur arte, hiru egunez, handizki ospatu da Baionan gerta- kizun hori. Urteroko txokolategien uztaren dastatzearekin, musika, erakusketa, tailer, eta, txokolategiei bisita egin ahal izan zaie.

p026_f01_70841.jpg

Ainize BUTRON

Portugaleko juduek ekarri zuten Baionara duela laurehun urte txokolatearen tradizioa. Portugaldik inkisizioaren atzaparretatik ihesi, Lapurdiko hiriburuan kokatu ziren juduak. 1609. urtean gertatu zen, eta, garai hartatik gaur egunera arte, gozokeria horrek izandako bilakaera goraipatzen aritu dira Txokolatearen Akademiak antolatu hiru eguneko bestan.

Portugaletik etorritako txokolatea egiteko moduak ez du gaur egun txokolategietan ikusten diren lauki edo barrekin deus ikustekorik. Gehienbat aberatsei zuzendua, XVII. mendean txokolatea kakaozko edari gisan hartzen zen, espeziekin nahasia. Txokolatearen inguruko jakintza zutenek edaria Baionako aberatsen etxeetan egiten zuten. Denborarekin, Baionako gozokeria horren berezitasunak oihartzuna lortu zuen, eta hiriaren ezaugarri nagusienetariko bilakatu zen.

Mendeak igarota, elite bakar baten eskura zegoen gozokeria herritar guztien ahoetara zabaldu da, eta, gaur egun, asko dira Lapurdiko hiriburuan txokolatea forma ezberdinetan jan edo edateko aukera ematen dutenak. Port Neuf karrikan barnatu, eta, bertan daude, tradizio berezi horren izen nagusiak, hots, Casenave eta Daranatz. Baina, beste hainbat kaletan ere azken urteotan jakintasun horri jarraituz finkatu diren beste hainbat txokolategi ere ikusten dira: Puyodebat Espainia karrikan, Bamas Baiona txikian, Raux merkatu plazan, Paries Port Neuf kalean, Chocolat de Bayonne izendapeneko txokolategia edota berriki ateak zabaldu dituen Chocolat Pascal.

Txokolatearen besta, txokolategi zaharrenek okupatzen duten Port Neuf karrikan zabaldu zen gehien bat. Bertan, 1993an hasitako tradizioari jarraituz, Daranatz, Paries eta Casenave txokolategietan gozokeria hori dastatzeko aukera izan zuten heldu zein umeek, eta, asko izan ziren bertan, txokolate puska hori ahoan sartu ahal izateko ilarak egiteko prest. Hala, ur- tean zehar txokolatea dastatzeko aukera bat baino gehiago izan arren, guztiek lehenengo aldia zutela zirudien. «Zein gozoa den!», zioten. Izan ere, txokolatearen besta, urtean zehar, txokolategien tailer itxietan lantzen den jakitatea, hiru egunez herritar ororen eskura jartzen dute. Urtero, besteak beste, Daranatz eta Casenave txokolategileek tailerren ateak zabaltzen dizkiete ikusleei. Jatorritik plastikozko zakutxora iritsi arte, gustu anitzetako txokolate berezi horiek nola egiten diren ikusteko aukera ematen dute.

Txokolatezko eskulturak

Bestalde, aurten laurehun urte ospatzen zirela-eta, txokolatea Port Neuf kaleaz haratago zabaldu zen. Horrela, han-hemen, musika eta antzerki emanaldiak ikusteko parada izan zuten jendez gainezka ziren Lapurdi hiriburuko kaleak. Elkarteen etxean animazioak, hitzaldiak eta haurrentzako tailer eta hitzordu ugari finkatu zituzten, esate baterako. Eta, atzo, arratsaldean, Euskal Museoan, ekainaren 7a arte zabalik egongo den Denis Otali Daranatz etxearen txokolategilearen erakusketa zabaldu zuten.

Urtero Daranatz etxearen atarian txokolatezko zizel lanak egiten jarduten duen artistak Euskal Museoan txokolatez eginiko obra ospetsuak erakusgai jartzea erabaki du. Tartean, ostiraletik goiti ikusi ahal zen artista lanean, berriz ere, Daranatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo