GARA > Idatzia > > Mundua

Hotzak bost urtetik beherako 125 haur hil ditu aurten Peruko Andeetan

Peruko Andeetako hotzak, bertako biztanleek jasaten duten pobrezia larriak lagunduta, bost urte bete gabe zituzten 125 haur hil ditu aurten, herrialdeko Gobernuak eskaini dituen datuen arabera. Adituek salatu dute agintariek ez dutela urteroko fenomeno hau ikertu nahi.

GARA |

Peruko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, osasun alerta egoeran dago herrialdea, Andeetako eskualdeetan aurten egiten ari den hotz ikaragarriak eragin duen pneumonia kasu kopuru handia dela-eta.

Datu ofizialen arabera, aurten bost urte bete gabe zituzten 125 haur hil dira dagoeneko eskualde horietan.

Hotzak hildako gehien hegoaldeko eta hego-ekialdeko eskualdeetan eragin du, Arequipa, Puno eta Cuscon alegia. Leku horietan, kasu batzuetan, termometroa zerotik oso urruti geratu izan da, hamabost gradu zero azpitik ere markatu izan du-eta, hori bai, 3.500 metroko altueran.

A/H1N1 birusaren gripea baino askoz ere hilgarriagoa da Andeetako urteroko pneumonia hori, bertako hedabideek nabarmendu dutenez: telebistan ordu asko izaten dituen birusak hamasei lagun baino ez ditu gaixotu herrialdean, eta hildakorik ez dago. Hala ere, hedabideetan gripe horri jaramon gehiago egiten zaio pneumoniari baino, azken hori iragarritako tragedia besterik ez baita.

Horrexegatik, pneumologoek eskatu izan diete agintariei gaisotasun honekin zerikusia duten faktore guztiak ikertu ahal izateko baliabide egokiak jartzeko mahai gainean.

Pneumonia birus baten ondorio ala hotzaren eta pobreziak berekin dituen bizi baldintza kaskarren eragina ote den ikertu nahi dute adituek. Izan ere, hildako gehienak elikatu gabeak izaten dira, eta etxe txiki batean beste pertsona askorekin batera bizi behar izaten dute. Aurtengo tragedia hasi besterik ez da egin, uztailean eta abuztuan termometroak orain baino askoz ere gehiago jaistea espero baitute. Arequipan, iaz baino %39 gaixo gehiago dute.

HANKA-HUTSIK

Behar adina ez jateaz gain, Andeetako herrietako umeek hanka-hutsik ibili beharra izaten dute, nahiz eta termometroak oso tenperatura hotza iragarri. Osasun zentroetara iristeko ordu asko egin beharra izaten dute oinez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo