GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

«Erasora jo beharra daukagu irabazteko, baina atzean ere tentuz ibili beharko dugu»

p049_f01_7610.jpg

Eneko ROMO

Real Union-eko jokalaria

Real Unionek denboraldiko partidarik garrantzitsuena jokatuko du gaur, 19.00etatik aurrera Galen. Cadiz kanporatzen baldin badu, azkenean Irungo taldea Bigarren Mailan izango da. Eneko Romo da jokalari garrantzitsuetako bat. Bere golek asko balio izan dute azkenaldian, baina garrantzitsuena hasierako helburua lortzea izango da. Horretarako, aurka duten 1-0koa irauli beharra daukate.

Jon LEUNDA |

Eneko Romoren izena asko entzun da aurten Irun eta gainerako lekuetan. Berak lortu zuen Bernabeun Real Madril kanporatu eta aurrera egiteko balio izan zuen gola. Gaur ere gustatuko litzaioke gauza bera gertatzea, baina igotzeko balio duen gola beste batek lortuta ere, bera gustura, nahi duena, Real Union Bigarren Mailara igotzea baita.

Nola bizi dituzue horrelako partida garrantzitsu baten aurreko orduak?

Egia esan, urduritasun puntu batekin. Jada partida jokatzeko geratzen diren orduak kontatuz. Denok gaude norgehiagoka hasteko tenorea heltzeko zain, talde osoan ilusio handia baitago.

Cadizen 1-0 galdu zenuten. Emaitza ez da onegia, baina gauzak nola joan ziren ikusita, txarra ere ez. Zuek nola ikusten duzue?

Horrelaxe. Cadizera joan aurretik 1-0 galtzea sinatzeko eskatu izan baligute, inork ez genuen sinatuko, baina gero han gauzak nola joan ziren ikusita, eta bederatzi lagunekin amaitu genuela kontuan hartuta, uste dut emaitza ez dela txarra, gainditzeko modukoa da.

Zuek nola ikusi zenuten Cadiz?

Egia esan, ez zuten aparteko ezer egin, ez dut uste gu baino gehiago izan zirenik. Gainera, fisikoki nahiko larri ikusi genituen. Guk bederatzirekin beraiek baino hobeto amaitu genuela konturatu ginen.

Zerk sortzen dizue kezkarik gehien?

Beraiek atzean sartzea. Horrela egiten badute, guk aurrera egin beharko dugu, eta horrek beti ematen dizu gero kontraeraso batean min hartzeko beldurra, baina uste dut gainditzeko moduko emaitza dugula.

Erasora jo beharra daukazue, ez dago beste erremediorik, baina atzean tentuz ibiltzea garrantzitsua izango da, ezta?

Hori da. Guk gola ahalik eta azkarren sartu nahi dugu, baina atzean adi ibili beharko dugu. Ezin dugu itsu-itsuan aurrera egin, bestela golen bat sartzen badigute, guk hiru sartu beharko baititugu, eta orduan bai jarriko zaigula igoera maldan gora. Garrantzitsua aurrera begira jokatzea izango da, baina atzealdean sendo egonez, beraiek kontraerasoan min egitera etorriko baitira.

Lehen minutuetan gola lortzea ere garrantzitsua izango litzateke, ezta?

Hori bikaina izango litzateke. Lehen minutuetan gola lortuta, kanporaketa berdinduko genuke, eta beste partida bat hasiko litzateke. Bestela, berriz, pazientziarekin lanean jarraitu beharra izango dugu, aukerak edukiko ditugu eta.

Konturatu al zarete Irunen zer nolako ilusioa piztu duzuen?

Bai, bai, dudarik gabe. Leiho guztietan ikusten dira gure ikurrak, leku guztietan ez dago beste konturik, eta argi dugu ezin diegula hutsik egin. Zaila izango da, baina uste dugu gaur bertan lortuko dugula igoera. Azkeneko urte hauetan dezentetan izan dira igoera fasea jokatzen, eta horietatik bitan oso gertu izan du Real Unionek igoera, baina azkeneko unean ez zen posible izan. Ulertzen dut nolabaiteko kezka ere izatea, baina oraingoan lortuko dugulakoan nago. Gaur egun handia eta luzea izango den errezeloa daukat.

Orain dela bi urte Eibarren zeundenean ere egoera bera zenuten. Rayoren aurka Madrilen 1-0 galdu zenuten, baina gero horri buelta eman zenioten Ipuruan. Eskarmentu hark ere balioko du, ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Nahiz eta hura beste partida bat izan, beste talde batzuekin, eta hori dena, baina ondorioa bera zen. Hura gaindituta, igotzea lortzen genuen, eta eskarmentuak balio du. Orduan ere Rayoren aurka 1-0 galdu genuen, baina bagenekien hori gainditzea posible zela, eta lortu egin genuen, oraingoan ere itxaropen bera daukat nik.

Azkenaldian gol garrantzitsuak sartzen artista egina zaude. Zure gol batek Eibarri igoera eman zion orain dela bi denboraldi, eta beste batek Real Unionekin Real Madril kanpoan uzteko balio izan zuen. Errepikatzeko prest?

Bai, zalantzarik gabe, ederra izango litzateke. Egia da Eibarrekin Rayori nik sartu niola bigarren gola, eta igo egin ginela. Madrilen ere nik sartu nuen hirugarren gola eta Real Unionek Real Madril kanporatu zuen. Baina aurretik talde oso baten lana dago, azkenean nik izan nuen gol horiek lortzeko aukera, eta ez dago ukatzerik ederra denik, baina beste edozeinek ere berdin-berdin sartu zezakeen. Gaur ere beste norbaitek lortzen badu igotzeko balio duen gola egitea, nik berdin ospatuko dut, garrantzitsuena igoera lortzea baita, eta ez zeinek sartzen dituen golak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo