GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Arrospidek sasoi bikainean dagoela erakutsi du

Leaburukoak lan bikain bat egin ostean, Donato Larretxea mendean hartu zuen atzo Maeztun, eta finala jokatzeko txartela lortu zuen. Bigarren finalerdia Nazabalek eta Lopezek jokatuko dute.

Ion LEUNDA | DONOSTIA

Anjel Arrospidek lortu zuen atzo Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela, Donato Larretxea mendean hartuta, Maeztun jokatu zen saioan. Aurretik ikus zitekeen moduan, saioa azkeneko lanean erabaki zen, eta hor Leaburukoak sekulako astindua eman zion aizkolari nafarrari.

Kirolariak, hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondoren, erloju kontrakoan tamaina bereko enborra izan zuten aurrez aurre. Hirugarrenean, tamaina bereko enbor bat zutik eta bestea etzanda izan zuten. Jarraian, 60 ontzakoa etzanda, eta azken-aurreko lanean, kana-erdikoa zutik. Amaitzeko, iraupen proba zuten, eta hor bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Norgehiagoka berdinketa batekin hasi zen, kolpekakoan, hogeita hamabina amaitu baitzuten lana. Ondoren, erloju kontrakoan Larretxeak bi segundo sartu zizkion gipuzkoarrari.

Hasi, ez zen gaizki hasi nafarra, eta hirugarren lanean, beste lau segundo sartu zizkion Larretxeak Arrospideri, eta 60 ontzakorekin beste 23 segundo. Bazirudien beretzat izango zela garaipena, baina zutikako lanean heldu zen Arrospideren benetako erreakzioa, eta nolakoa, gainera. Kana-erdikoa zutik erdibitzen 39 segundo kendu zizkion Arrospidek Larretxeari, eta ia aurka zuen alde guztia berreskuratu zuen. Beraz, iraupeneko probak erabakiko zuen saioa, eta hor Arrospidek sekulako abantaila atera zion lau enborretan. Lehenengoan pare samarrean izan ziren, baina hortik aitzinera ez zen kolorerik izan. Leaburukoak oso indartsu jarraitu zuen, eta denbora gutxian tarte handia egin zuen. Larretxeak ez zuen erreakzionatzeko modurik ikusten eta azkenerako etsi ere egin zuen, eta enbor bat pasako aldea kendu zion.

Amaieran, eta lan guztiak amaitu ostean, hiru minutu inguruko tartea kendu zion Arrospidek Larretxeari, eta bakarkako finalean izateko txartela lortu zuen. Azkenaldian nafarrak izan dira final horietan. Olasagasti eta Peñagarikano izan dira Gipuzkoak Bakarkako finalean izan dituen aizkolariak, baina aurtengoan Arrospidek eskuratu du hori.

Leaburukoa ere adinean aurrera doa, baina maila oso onean dabil, eta egun dagoen aizkolaririk onenetakoa izaten jarraitzen du, eta hori berriro ere garbi utzi du. Larretxea, berriz, nahiko burumakur agertu zen amaieran, eta nahiko gaizki aritu zela onartzeaz gain, bere burua inoiz baino okerrago ikusi zuela esan zuen aizkolari nafarrak.

Hurrengoa, Kuartangon

Buruz Buruko bigarren finalerdia datorren igande eguerdian, 12.30etik aurrera, jokatuko da Kuartangon. Bertan Nazabal eta Lopez neurtuko dira. Etxarrikoa azken urte hauetan denen gainetik agertu da, eta berriro ere bera aterako da faborito.

Kuartangon, ordea, ez da aizkolarien saioa bakarrik izango, harri-jasotzen marka saiakera bat ere izango baita. Izeta II.a arituko da lanean, eta ordu erdiko txanda batean, 125eko kubikoarekin arituko da harri-jasotzaile aiarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo