GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal urratsak batu ditu Eskozia eta Proventza, Ezpalak jaialdian

Hainbat herrialdetako dantza ohiturak nolakoak diren ezagutzeko aukera izan zen atzo Eibarren. Eskozia, Proventza, Zuberoa, Bizkaia eta herriko dantza taldeek izan zuten protagonismoa, karaktere dantzak nagusi izan ziren Ezpalak dantza tradizionalen nazioarteko jaialdian.

Odeia AIESTARAN | EIBAR

Ezpalak jaialdiaren hasieran ohartarazi zuten moduan, atzo Eibarren bildutako Eskoziako, Proventzako eta Euskal Herriko dantza taldeek urratsetan izan zuten trazurik. Horregatik, aurtengo Ezpala jaialdia karaktere dantzen jai gisa izendatu zuten Duguna eta Kezka dantza taldeetako antolatzaileek.

Ezpalak dantza tradizionalen nazioarteko jaialdia 2006an antolatu zen lehen aldiz Eibarren, eta ezpata-dantzak izan ziren gai nagusia. 2007an Iruñean eta Gipuzkoako herrian egin zen makil dantzak protagonista izanik eta iaz arku-dantzek hartu zuten lekua. Larunbatean Iruñean ospatu zen aurtengo jaialdia, berriz, karaktere dantzen ingurukoa izan da.

Hasieran jaialdia Burgoen plazan aire librean egitekoa zen, baina eguraldiak lagundu ez zuenez, Coliseo antzokira aldatu behar izan zuten ikuskizuna. Ikusleek, halere, ez zuten atzera egin eta bertako ateak noiz irekiko zain ilara handia sortu zen kalean. Aurkezpenean esan zutenez, gainera, nahiz eta esperotakoa hura ez izan, antzokia «epela» zen.

Teknika zorrotza, urrats konplexu eta finduek osatutako alfabeto koreografikoa, urratsen segidak osatzeko prozedurak eta beste hainbat ezaugarritan bat egin zuten dantza talde guztiek. Ezaugarri bitxiena, ordea, «Euskal urratsa» deiturikoa da; The Balmoral Highlanders talde eskoziarrak eta Rode de Basse Provence talde proventzarrak «Pas de Basque» dantza pausoa txertatu baitute dantzetan, eta, hala, Euskal Herriko dantzekin antzekotasunik badute, Zuberoako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeak ikusi ostean ondorioztatu ahal izan zen moduan.

Bost taldeetatik oholtzara igotzen lehena Eibarko Kezka izan zen eta hiru dantza eskaini zituzten. Andoain eta Adunako azeri-dantzarekin hasi ziren, eta Gipuzkoako dantza tradizioko urratsak dantza-jolas berezi batekin nahastu zituzten. Giro ederra jarri zuten herritarrek, haur, gazte eta helduek parte hartu baitzuten dantzaldian, protagonista txikienen gurasoek gehienbat.

Durangaldeko erregelak

Bizkaitik San Lorentzo taldeak Durangaldeko dantzen emankizuna eskaini zuen, erregelak, inguruko sokadantza mota bat, izan zelarik pieza azpimarragarriena. Sokan lotuta, urrats indartsuen bitartez dantzatu zuten Berrizkoek eta ikusleak parte hartzera bultzatu zituzten, emakume batzuk dantzara ateraz. Hala euren aurrean dantza egin zuten bizkaitarrek.

Eibarra ailegatzeko ahalegin handia egin zuen The Balmoral Highlanders eskoziarren txanda izan zen ondoren. Dantzariek Zuberoa eta Gipuzkoako pausoekin antzekotasunak dituztela erakutsi zuten, maiz egiten den urrats baten izenak «euskal urratsa» edota «Pas de Basque» erakusten duen bezala.

Zuberoako Aitzindariak taldeak euren urrats berezien erakustaldia eskaini zuten ondoren, zailtasun tekniko handia duten urratsena hain zuzen ere. Bost dantzarik parte hartu behar bazuten ere, taldekide batek min harturik etxean geratu behar izan zuen, eta lau dantzari igo ziren, beraz, oholtzara. Halere, maisutasunez erakutsi zuten euren abilezia, gehienbat Godalet dantzan; ardoz beteriko edalontziaren inguruko saltoek aretoaren txalo zaparrada handiena jaso zuen.

Proventzako L´Ancien Var bailaratik, eskualdeko dantza, musika eta janzkeran erreferentzia den bailaratik iritsi zen, berriz, Rode de Basse Provence taldea. Karaktere dantzak eskaini zituzten, armadako dantza-maisuek erakutsitakoak. Horiek ere la gavotte, «l´anglaise», «le pas grec» eta «l´arqueline» deituriko urratsez gain, le pas basque txertatu dute euren dantzetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo