«Euriak ere balio beza, euskal eskola publiko berriaren lorategia ureztatzeko»
Euskal eskola publiko berriaren aldarriarekin bat egin zuten atzo milaka euskaltzalek Iruñeko Takoneran. «Bizi Euskal Eskola» leloarekin Sortzen-Ikasbatuazek hezkuntza sistema propioaren aldeko apustua indartu zuen.
Maider EIZMENDI
Gauean erruz egin zuen euria Iruñerrian eta goizak esnatu zuenean trakets topatu zuten aurtengo jaiaren antolaketan aritu diren Antsoaingo Ezkaba ikastetxeko kideek hiriburuko Takonera parkea. Jendeak etxean geratzeko hautua egingo ote zuen beldur, buru-belarri jardun zuten goizean goizetik inguruak lehortzeko lanetan, begi bazterretik zeruak zer ote zekarren zaindari. Jaia hasteko ordua iristear zela, lehen eguzki printzak agertu ziren eta jaiaren antolatzaileek azkar eman zuten enkargua: «Zuen telefono mugikorrak erabili eta deitu lagunei Iruñean primerako eguraldia dagoela eta etortzeko esateko».
Eguzkia agertuta ere, eguraldia eta, nola ez, larunbatean Osasunak Bartzelonaren aurka egindako balentria izan ziren hizketarako gai nagusi hamaiketakoa egiteko orduan. Horretan, bertaratutakoen egarri eta gosea ase nahian, ari zen lanean Patxi Goñi irribarrea galdu gabe. «Aurreko urteetan jaia barraren beste aldean bizi izan dut eta hemendik ere primerako itxura hartzen zaio», azaldu zuen. Oraindik ere ilara handiak osatu gabe zeuden, baina atseden handirik gabe ari ziren ordurako. Ohituragatik edo «ahalik eta lan gutxien egin» esanaz agurtu genuen, baina berehalakoan erantzun zigun barrez: «Gaur ez, gaur ahalik eta lan gehien egiten saiatuko gara».
Lanik ez zitzaien falta tonbolan ere. Opari sorta ederra zuten erakusgai, eta haurrak eta helduak tentaziori eutsi ezinik ari ziren oparien bila. Montse Jimenezek tonbola osatzen lagundu duten guztientzat esker oneko hitzak baino ez zituen: «6.000 bat opari eskuratu ditugu guztira, Antsoaingo, Iruñeko eta hainbat enpresatako atea jota. Egia esan, maila oso goian jarri dugu». Oparien artean, bizikleta, kirol taldeetako kamisetak, asteburu-pasak... «Jendea zer tokatuko etortzen da; haurrak edozer emanda ere, gustura geratzen dira; helduagoak dira konformatzen zailagoak», esan zuen barrez. Etxauenetik bertaratutako Izaro tonbolako papertxoak askatu eta gogotsu zegoen tonbolako ilaran opariak jasotzeko. Aiton-amonek lagunduta zetorren eta berak jada botata zion begia etxeratu nahi zuen opariari, «bizikleta nahi dut».
Eguerdia iristear zela, jendea berriz agertoki koloretsuaren parean biltzen hasi zen, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen ikuskizuna baitzegoen iragarrita ordu horretarako. Bertan zebilen lekua hartu nahian Iruñeko Jon ikuskizuna noiz hasiko irrikaz. Ordurako izana zen aurpegia margotzeko lanak hartu zituen tailerrean eta tximeleta ederra zuen aurpegian. Bestelako tailerrak ere baziren, besteren artean, zentzumenak proban jartzeko aukera ematen zuena edota jogurt potoak baliatuta telefonotxoak egitera gonbita egiten zuena, guztiak txikitxoz lepo.
Tailerretan ez, lehiaketan buru-belarri sartuak ziren, berriz, ikastetxe ezberdinetako ikasleak herri-kirol deman. Oskolak batzen, txingekin, zakuarekin korrika... Afizio indartsu eta zaratatsuekin bertaratu ziren gainera batzuk. Aldamenetan, berriz, puzgarriak haur eta gazteen gozagarri. Bertan zegoen Tafallatik bertaratutako Susana Jimenez. Euskaraz ikasteko dauden trabak gertutik ezagutzen ditu eta, hori dela-eta, zinez beharrezkoak iruditzen zaizkio tafallarrari gisa honetako jaiak. «Guk ez dugu euskaraz egiten, baina gure seme-alabek egingo dute eta agian guri irakatsiko digute», mintzatu zen, semeetako txikienari begira. Aldarrikapenerako ez ezik, egun pasa egiteko primerako aitzakia direla ere onartu zuen: «Haurrek primeran pasatzen dute, makina bat joko dituztelako eta, zergatik ez, guk ere bai».
Jaia eta aldarria bat
Antolatzaileek irekiera ekitaldian ohartarazi zuten moduan, aldarria eta jaiak, biak uztartzea eta Euskal Herri osoko hizkuntza komunitateen bilgune bilakatzea da jaia honen funtsa.
Juan Cruz Lakastari egokitu zitzaion atzo ongietorri pregoia ematea eta umore zorrotza baliatu zuen. «Hasteko aitorpen bat egin beharra dut. Marka da ekitaldi honetan gertatuko dena: euskal eskola publikoaren aldeko pregoia egingo duena alaba gaztelerazko eskola pribatura daraman aita izatea», onartu zuen euskaraz ikasteko dagoen zailtasunaren adibide. «Euskal eskola publikoa baztertzearen ohitura» aspalditik datorrela ohartaraztearekin batera, etsipenean erortzeko tentazioari eusteko deia egin zuen; izan ere, «haien motorea hizkuntza batekiko gorroto itsua da, eta gurea, berriz, hizkuntza batekiko maitasun eta berdintasunaren aldeko apustua da. Bistan da gure motorea osasuntsuagoa, iraunkorragoa eta eraginkorragoa dela».
Aitziber Martinez de Lagos Sortzen Ikasbatuaz-eko koordinatzaileak euskal eskola publikoetan egiten ari diren lanaren garrantzia goraipatu zuen: «Euskal eskola publiko berria ureztatuz, zainduz eta eraikiz; egunero euskal eskola publiko berri baten alde, arazoei aurre eginez, hezkuntza sistema propio eta nazionalaren bidean».
Halaber, eta etorkizunean ere lanean jarraitzeko grina agertu zuen: «Euskal Curriculuma aplikatuko dugu gure ikastetxeetan, oztopo guztien gainetik, hezkuntza eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu. Parekidetasunean oinarritutako jendarte berri bat nahi dugulako balore berrietan heziko duen pedagogia berritzaile bat eraikitzen jarraituko dugu; Horrela, apurka-apurka, tantaz tanta, hain beharrezkoa dugun hezkuntza sistema propioa aldarrikatuz».
Jaiak Sortzen Ikasbatuaz-en koordinatzaile lanetan aritutako hiru pertsona omendu nahi izan zituen. Haiek, berriz, proiektuan sinistu eta lan egin dutenak ekarri zituzten gogora, tartean, egun espetxean den Marije Fullaondo.