lehiaketa VIII. Zegama-Aizkorri mendi maratoia
Hanka arinak eta errekorra, igande goizeko mendi bueltaren kontakizuna
Ricky Lightfootek eta Emanuele Briziok eraman zuten lasterketa; italiarrak markarik onena eginda gainera. Fernando Etxegarai eta Alizia Olazabal izan ziren aurreneko euskaldunak; laugarren postuan, baina gustura.
Arnaitz GORRITI | BILBO
Igande goiz bateko mendi buelta eta mundu mailako lasterketa baten artean aldea dago. Egundokoa gainera. Norbere inguruan dagoen hori gutxiesteko ohitura «logikoa» dugularik, baliteke Zegama eta Aizkorri igande goiz bateko mendi buelta batekin errazago lotzea lehen mailako lehiaketa batekin baino. Alabaina, atzo, 09.00etan, ia igandero bezala, Aizkorritik makina batek osteratxo bat egingo zuten. Ez, ordea, ikusmiraz gozatzeko asmoz, urteroko legeari jarraituz, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren zortzigarren ekitaldia betetzeko baino.
Urtero bezala, parte-hartzaileak baino, izena emandako lagunak gehiago. 400 parte-hartzaile eta 1.400 lagun izena emanda. Parte-hartzaile gehienak herrikoiak ziren -orotara 380 izan ziren zortzi ordu baino gutxiagoan helmugara iritsitakoak- eta, beste behin, zalerik ez zen falta ibilbideko zenbait maldatan, ohiko Sancti Spiritu baselizaren ondoan esaterako, Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko edo Tourreko etapa bailitzan animoak emanez.
Irabazleak nonahi
Baina herri proba bat ez ezik, Mendi Lasterketen Munduko Koparako bigarren proba puntuagarria da Zegama-Aizkorri, apirilaren 18an egin zen Irazu SkyRace probaren ostean, eta irabazle batzuk utzi zituen atzo ere. Hala, helmugara aurrena Ricky Lightfoot britainiarra iritsi zen, bere abizenak dioen bezain «hanka arina» dela erakutsiz. Hala ere, bere denbora 4.03.12 izan zen, Rob Jebbek 2005ean egindako 3.53.18 markatik oso urrun.
Beteranoek gerra dezente eman zutela esan behar, bide batez. Hala, beteranoen artean onena podiumeko hirugarrena izan zen, 2006ko irabazle Ricardo Mejia mexikarra alegia, bigarren sailkatu zen Paolo Larger italiarrekin esprint bizian helmugaratu zena bera. 2007an ez bezala, -eskutitz baten bitartez animatu zituen orduan korrikalariak Mejiak- amerikarrak ez zuen mezularirik behar izan lasterketari gatza jartzeko.
Alabaina, atzo benetako garailerik izan bazen, Emanuela Brizio italiarra izan zen hori. Beteranoen artean eman zuen izena Briziok, baina senior mailako errekorra mila puska egin zuen. Italiarrak 4.38.19ko denbora egin zuen helmugan; tokitan geratu zen 2006an Angela mudge britainiarrak egindako 4.43.04! Tokitan, baita ere, podiumean sartu ziren beste bi emakumeak. Rosa Madureira portugaldarra izan zen bigarren, 4.56.11 eginda. Stephanie Jimenez, berriz, bost orduko langaren gainetik sartu zen helmugara, hirugarren postuan.
Euskaldunak
Euskaldunei, «txokolatezko domina»; hau da, laugarren postua baino ez zitzaien egokitu euskal ordezkari onenei. Fernando Etxegarai nafarra izan zen gizonezkoen artean aurreneko euskalduna. Emakumeen artean, berriz, Alizia Olazabal izan zen lehen euskalduna, hau ere laugarren.
Berako korrikalaria irabazi ez izanagatik penatan zen. «Moanon -jaitsieraren azken aldea- Mejia harrapatu dut eta irabazle eta guzti ikusten nuen nire burua, baina aurrean jarri naizenean bikiak igo zaizkit eta ezinean geratu naiz. Pena da».
Alta, aurreneko euskal emakumea pozarren zen, bere marka pertsonala 13 minutu hobetu baitzuen. «Ez nuen espero. Tendinitisak jota ibili naiz hiru hilabetetan zehar, baina gaur -atzo- ongi ikusi dut neure burua, sentsazio onak izan ditut, eta nire marka egin dut ezustean!»