GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Beasaingo gaztetxearen «geroa ziurtatzeko», elkartasuna eskatu dute

Beasaingo herritarrei bost urtez ekimen alternatiboak eta gune librea eskaini ostean, gaztetxea «botatzeko» arriskuaz ohartarazi du Gazte Asanbladak. Bertako Udalak «urbanizazio proiektu» bat du, antza, esku artean. Gaztetxea eraisteko arriskua salatze aldera, hainbat jarduera antolatu zituzten atzoko egunerako. Jai giroko manifestaldian euren aldarrikapena egin ondoren, hainbat talderen eskutik musika emanaldiak ere izan ziren.
p021_f02_26698.jpg

GARA |

Beasaingo gaztetxea «botatzeko» arriskuan dela salatzeko, hainbat ekimen egin zituzten Gipuzkoako herrian atzo. Arratsaldeko seiak zirela, gaztetxetik abiatu zen bertan bildutako jende taldea jai giroan. «Beasaingo gaztetxea, ezta ikutu ere» lelopean ibili ziren herriko kaleetan txosnagunera iritsi arte, herriko festak ospatzen ari baitira. Ostean, Dune Buggy eta Mantala no!, edota Last strenght musika taldeen emanaldiak izan ziren.

Urte ugaritan Beasaingo Udalari toki libre eta autogestionatu bat eskatzeaz «asperturik», Udalak «erabat utzita» zuen toki bat okupatu eta «biziberritzeko» erantzukizuna hartu zuen Gazte Asanbladak. Egun, bost urte igaro direnean, Udalak gaztetxea «eraisteko aitzakia ederra» aurkeztu du. Izan ere, «urbanizazio proiektu bat» du esku artean.

«Proiektu honek beraien poltsikoak betetzea» besterik ez duela bilatzen salatu zuten. Gainera, «herriarentzako onurarik ez ekartzeaz gain, egun existitzen den gune alternatibo, aske eta anitz bakarra deuseztatu» nahi duela adierazi zuten.

Aldi berean, Udalak «gaztetxea dagoen tokian `eremu berde' deitzen dioten aparkaleku bat eraikitzeko» asmoa duela adierazi zuten asanbladako kideek.

Arazo honen garrantziaz jabetuta eta Beasaingo gaztetxearen «geroa ziurtatzeko» xedez, asanbladak ezinbestekotzat jotzen du herri osoaren babes eta elkartasuna.

Hori dela eta, datozen egunotarako antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Hain zuzen ere, «kontsumismotik eta kapitalismotik at, pertsona oro onartzen eta errespetatzen duen beste mundu bat» posible dela uste dutelako.

Judimendin ere «arriskuan»

Gasteizko Judimendi auzoan hilaren 2an okupatutako gaztetxea ere huste agindua jasotzeko arriskuan dago. Hasiera batean, jabearekin hitz egin ondoren, honek salaketarik jarriko ez zuela adierazi bazuen ere, asanbladako kideek azken egunotan jakin izan dute salaketa jarri duela.

Horren haritik, ostiral honetan, eguerdi partean, Ertzaintza gaztetxean azaldu eta une horretan barruan zeuden gazteak identifikatu zituen.

Hala eta guztiz ere, Judimendiko Gazte Asanbladak, «gazte aske» diren heinean, «etxea eraberritzeko eta auzoa pizteko» konpromisoa berretsi du. Atzokoan, Auzolan Eguna ospatu zuten, hain zuzen, auzolanetan ibili diren guztiei eskerrak emate aldera.

Lehen orduetan, okupi panpinaren jaitsiera izan zen, eta alboka, txalaparta eta dantza tailerrek hartu zuten jarraian lekukoa. 30 lagun inguru bildu ziren herri bazkarian. Arratsaldea girotzeko ere, hainbat musika emanaldi zeuden antolatuta.

Aparkalekua

Beasaingo Udalak gaztetxea botatzeko «aitzakia ederra» aurkitu duela adierazi zuten. Gune autogestionatua dagoen tokian aparkalekua eraikitzeko proiektua du esku artean.

mani+festa+akzioa

«Beasaingo gaztetxea, ezta ikutu ere» lelopean eta jai giroan abiatu zen herriko kaleetan barrena «botatzeko arriskua» salatzeko manifestazioa. Horren ostean, musika emanaldiak izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo