LABek ez du parte hartuko sindikatuek gaur Ipar Euskal Herrian deituriko protestan
Zortzi sindikatu nagusiek deituriko bi orduko mobilizazioarekin ez du bat egingo LABek, «mugimendu zabal eta iraunkorra» antolatu beharrean gaurkoa orain arte egindakoan «atzerapausoa» dela uste baitu.
A.M. |
LABek adierazi du ez duela parte hartuko gaurko Baionan, Hendaian eta Maulen gainerako sindikatuek deitu dituzten mobilizazioetan.
Sindikatu abertzalearen esanetan, «munduko herri guztiak bezala Euskal Herria ere kolpatzen duen egoera ekonomiko larriak, mugimendu zabal eta iraunkorra behar du». Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Estatu frantsesean bezala, urtearen hasieratik bi greba egun «arrakastatsu» -urtarrilaren 29an eta martxoaren 19an- izan diren arren, egun ez du aipatu mugimendu hori gauzatzeko asmorik ikusten LABek gainontzeko sindikatuen aldetik.
Are gehiago, CFDT, CGC, CFTC, CGT, FO, DFSU, Solidaires eta UNSA sindikatuek gaurko deitutako ekimen eta elkarretaratzeak «atzerapausotzat» jo ditu LABek aurreko mobilizazioekin konparatuz. Bere ustetan, «mugimendua azkartu eta gogortu beharko litzatekeen mementoan, proposatzen duten gauza bakarra eguerdian elkartu eta piknik bat egitea da».
Baionako manifestazioetan parte hartu duten milaka eta milaka langileek «beste zerbait itxaroten» dutela nabarmenduta, jokamolde horrekin «zoritxarrez, etsipenaren karta jokatzen duen Gobernuak gizarte mugimenduari gaina hartzeko aukera» izango duela uste du sindikatu abertzaleak.
Horrenbestez, gainerako sindikatuek «baztertu» izanagatik protesta egunetan, grebetan eta mobilizazio guztietan «beti presente» izan den arren, gaurko hitzorduak ez ditu aintzat hartuko LABek.
Ekainaren 13a prestatzeko
Joan den astean, zortzi sindikatuek esparru publikoan zein pribatuan bi orduz mobilizatzeko deia egin zuten «lantokietan bertan langileak informatu eta haiekin informazioa trukatzeko», batez ere ekainaren 13an aurreikusi duten mobilizazio azkarra lantzeko xedearekin.
Halaz, 12.00etatik 14.00tara, Baionan (Herriko Etxearen aitzinean) eta Hendaian (Joncaux industriagunean) elkarretaratzeak egingo dituzte langileek. Maulen, berriz, 18.00etan bilduko dira zerbitzu anitzeko zentroan.
Aldez aurretik, Angeluko Castorama azalera handiko merkatalgunearen aitzinean protesta egingo du CGTk, bere kide bat kaleratua izan delako. Biarrizko aireportuan, berriz, greba deitu du sindikatu berberak, «zuzendaritzak negoziazio jarrerei muzin egin eta alde bakarreko deliberoak hartzen jarraitzen duelako». Egoera hori «desblokeatzeko» Biarrizko alkate eta senatari Didier Borotrari esku hartzea eskatu diote.