Maider Eizmendi Kazetaria
Epelak eta ameslariak
Kolore deigarriak dituzte eta estrategikoki kokatuak daude; horregatik, dendara sartu eta bat aukeratzearekin batera aldameneko goxoa erosteko tentazioari eutsi ezinik ikusten ditut haurrak, guk egiten genuen bezalatsu. «Bata edo bestea» esaten ziguten orduan, aukeratu behar genuela, alegia. Gozoez ari ziren, baina bizitzarako irakaspena zen hura. Nere belaunaldikoek, batzu-batzuek behintzat, ondo ikasitako lezioa dugu hori; zenbatetan esan ziguten «baina dena ezin da izan» amorragarri hura.
Esanak esan, orduan denak zirudien eskuragarri, denak posible, denak erosgarri, denak lortzeko moduko, urruntasuna gertu; orduan, oraindik, «etsitasun irakaspenak» barneratu gabe genituen, ilusioa eta ameslari sena ito gabe genituen. Esanaren esanak eta egunerokoak itzali zituen haiek eta errealitatearen errealitatean kokatu, esanaren esanaz, ohartzearen ohartzeaz.
«Mundu honetan bizitzeko onegia eta inuzenteegia zara», ohartarazten zion amak haurrari; «sufritzea tokatuko zaizu». Aukera egiten jakitearekin batera, epeltasuna da gizarte honetan goraipatzen den dohaina; sufrimendua ekiditeko zer eta «neurrian» maitatzeko gonbitea luzatu. Tristea, baina akaso gomendioetan gomendio, eragingarri, babes...
Pare-parean, irakaspen horien aurrean temoso jarri eta ameslari bizi nahi dutenak, oraindik ere goxo dendara sartu eta zalantza egiten dutenak, bata bai baina bestea ere nahi dutenak, urruntasuna ere gertu ikusten dutenak.
Segida honetan erdi parean kokatzea gomendagarri eta sanoena, baina jasotako irakaspenek bata eta besteari tiratzen diote ezinbestean aldeetara, muturretara; zentzudunen artean zentzudunen izatera edo ameslarien artean ameslarien.
Nik ere ezin dut neurri hartzen ikasi eta, beraz, ezin irakaspen handirik eman. Jakin egin behar du pertsonak aukera egiten eta, «umetasuna» itzali gabe bada, hobe. Bizitzaren kolpeak saihesten jakitea garrantzitsua da, baina sentimenduak epeltzen ikastea ez hainbeste; onak eta ez hain onak itzaltzen direlako. Ameslariek eurek hartu beharko diete tamaina desioei, ametsak amesgaizto bilaka ez daitezen.