GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Gipuzkoako finala

Aimar Irigoienek ez du barkatzen, eta txapelak janzten jarraitzen du

Errezildarra jaun eta jabe izan zen herrialdeko lehiaketan, eta atzetik sailkatu ziren Ostolatza, Izeta III.a eta Izeta IV.a.

p037_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek aurreikuspenak bete egin zituen, eta aparteko eragozpenik gabe jantzi zuen herenegun arratsaldean Legorretan jokatutako Gipuzkoako Txapela. Errezildarrak iaz baino jasoaldi bat gutxiago lortu zuen, baina hala ere Ostolatzari ia mila kilotako aldea kendu zion. Errezildarrak hirugarren urtez jarraian jantzi zuen bere herrialdeko txapela.

Eguraldia erabat haserretu zen igande arratsaldean, baita Legorretan ere, gainerako lekuetan bezalaxe. Hala ere, Harripial kiroldegia leporaino bete zen bai harri-jasotzaileak ikusteko bai ondoren jokatu zen orga txapelketa ikusteko ere.

Lau harri-jasotzaile neurtu ziren, iaz baino bat gutxiago. Izan ere, Telleria II.a gaixorik egon da denbora dezentean eta, ondorioz, ezin izan zuen txapelketan parte hartu. Beste laurak iazko berdinak izan ziren, baita lortu zuten sailkapena ere. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kilotako kubikoa eta 100 kiloko bola erabili behar izan zituen. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutuko txanda bana izan zuten.

Harri guztiekin nagusitu zen errezildarra. Zilindroari 33 jasoaldi eman zizkion, Ostolatzak baino bi gehiago. Harri horrekin, Izeta III.ak 30 jasoaldi eman zituen eta Izeta IV.ak, berriz, 28.

Horrenbestez, lehen txanda igarota, gauzak uste bezala zihoazen jada, errezildarra baitzen lehen postuan, eta jadanik aldetxoa ere lortuta baitzuen.

Ondoren, kubikoaren txanda heldu zen, eta berriro ere Aimar izan zen onena. Guztira 23 jasoaldi eman zizkion, baina 24.ena ere gertu izan zuen. Ia bizkarrean berdintzera zihoala denbora amaitu egin zen, eta epaileek txistua jo zuten. Azkenean, beraz, 23rekin konformatu behar izan zuen.

Joseba Ostolatzak Irigoienek baino bi jasoaldi gutxiago eman zizkion berriz ere, eta jadanik, ezeren okerrik ez zela, garbi zegoen txapelak nongo bidea hartuko zuen. Izetatarren deman, berriz, zaharrena nagusitu zen harri honekin ere, berak 20 jasoaldi eman baitzizkion, eta gazteak bat gutxiago. Beraz, txanda baten faltan ia dena erabakita geratu zen, ez lehen postua bakarrik, baita gainerakoak ere.

Dena erabakita

Azkeneko lana bolarekin zuten, eta hor ere Aimar jaun eta jabe izan zen. 29 aldiz jaso zuen 1oo kiloko bola, eta txapela segurtatuta utzi zuen. Ostolatzak lau jasoaldi gutxiago eman zizkion, 25 alegia, eta izetatarrak, berriz, berdinduta geratu ziren, bakoitzak 24 aldiz berdindu baitzuen harri hau bizkar gainean.

Sailkapen nagusia, berriz, honela geratu zen. Txapeldun, Irigoien, 85 jasoaldirekin(9.612,5 kilo); bigarren Ostolatza, 77 jasoaldirekin (8.737,5 kilo); hirugarren, Izeta III.a 74 jasoaldirekin, (8.400 kilo). Azkenik, laugarren Izeta IV.a geratu zen, 71 jasoaldirekin (8.037,5 kilo).

Aimar Irigoienek irabazi du harri-jasotzeko denboraldiko lehen txapela, baina okerrik ezean ez da bakarra izango, bai Euskal Herriko harri handien bai txikien lehiaketetan ere bera aterako baita faborito nagusi bezala.

Hiru lehiaketak bereganatu zituen pasa den urtean Irigoienek, eta aurtengoan ere hori errepikatu nahiko du. Uda partean ere beste torneo batzuk izango ditu, eta horietan ere ahaleginduko da txapelak pilatzen kirolari errezildarra.

Hiru kirolari arituko dira harri handiekin

Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa Usurbilen jokatuko da uztailaren 5ean, eta bertan parte hartzeko hiru kirolarik eman dute izena. Irigoien, Ostolatza eta Lertxundi neurtuko dira nor baino nor. Errezildarra da gaur egungo txapelduna, baita aurtengo faboritoa ere.

Izeta II.ak marka ahalegina iragarri du

Datorren igande eguerdian Koartangon marka ahalegina egingo du Izeta II.ak. Aiarrak 125 kiloko harri errektangularrarekin ordu erdiko saioa egingo du, eta orain arte inork egin ez duen marka egiten saiatuko da. Leku berean Urrezko Aizkorako finalerdia ere izango da.

iazkoaren pare

Iazko Gipuzkoako Txapelketarekin alderatuta, aurtengo finalean ere pareko lana egin du Aimar Irigoienek. Pasa den urtean aurten baino jasoaldi bakar bat gehiago eman zuen errezildarrak; beraz, ez da alde handirik izan.

Xabier Urresti berriro ere nagusi izan da orga-jokoko lehiaketan

Legorretan, harri-jasotzeko finalaz gain, herrialdeko orga-jokoko finala ere jokatu zen, eta hemen ere iazkoak jantzi du aurten ere txapela, Xabier Urresti mutrikuarra izan baita berriro ere kirolaririk onena.

Mutrikuarrak 5 itzuli eta 1,60 metro egin zituen. Atzetik, bigarren postuan, Igor Esnaola sailkatu zen. Legorretakoak, 4 itzuli, 3 zortziko eta 2,44 metro egin zituen. Hirugarren sailkatu zen Zubiaurre, eta honek ere 4 itzuli eta erdi egin zituen.

Azken postuan amaitu zuen Egañak, itzuli bat, 7 zortziko eta 2,20 metro eginda. Honek lanak indartsu amaitu zituen, baina itzuli bat eman eta berehala gurdiaren gurpilak lurra ukitu zuen, eta hortxe amaitu behar izan zituen finalean egin beharreko lan guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo