GARA > Idatzia > > Kirolak

SURFA

Tahitiko arrakasta azaldu du Aranburuk Donostian

p039_f01_088x092.jpg


GARA | DONOSTIA

Amets konplikatuenak ere bete daitezkeela argi utzi zuen iragan astean Aritz Aranburu surflari zarauztarrak Tahitiko Billabong Teahupoo proban. Hirugarren postua lortu zuen bertan, bederatzi aldiz munduko txapeldun izan den Kelly Slater handia kanpoan utziz. Tahititik itzuli berritan, WCTko proban bizitakoa azaldu zuen atzo Donostian.

Frantziar Polinesian egindako proba ikaragarriari esker, Aranburu munduko hemeretzi onenen artean kokatu da. Horren arrazoia konfiantzan eta «lortu dezakezula sinestean» dagoela ziurtatu zuen gipuzkoarrak.

Kelly Slater «historiako surflaririk onena» bezala izendatu ostean, aurkari «oso gogorrak» izan zituela gogorarazi zuen Aranburuk. «Inoiz ez dakizu nola erantzungo duten, munduko 45 surflaririk onenak baitira eta edozeinek egun biribila eduki baitezake», azpimarratu zuen kirolariak.

WCT mailan dagoenetik lehen aldiz, Aitor Francescana surflari zarauztarraren entrenatzailea Aranbururekin batera egon zen proban zehar. Tahitin lortutako emaitza bikaina ikusita, beste txapelketetan ere egon dadin Francesenak «bere emaztearekin negoziatu» beharko duela adierazi zuen Aranburuk.

Gipuzkoarra Santa Catarinako Hang Loose Pro (Brasil) proban ari da pentsatzen jada, WCTko laugarrena. Surflariak «ahal duen hoberen» egitea nahi du, jarraitzaileak pozik egoteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo