GARA > Idatzia > > Kultura

«Musikarekin hizkuntza unibertsal bat sortu nahi dut, esponja bat bezala irekia»

p042_f01_199x124.jpg

Wim Mertens

Musikari belgikarra

Gizon ezaguna da Wim Mertens (Belgika, 1953). Piano jotzaile aparta eta konposatzaile ausarta, makina bat ezohiko lan plazaratu -40 disko inguru- eta ehunka zuzeneko jo ditu munduan zehar, bakarka, bikotean zein taldean; eta antzerki edo zinema lanei ez ezik, moda desfileei ere jarri die musika. «L'Heure du loup» da aurten plazaratu duen eta oraindik gurera heldu ez den bere azken lana.

Anartz BILBAO | TOLOSA

Victoria Eugenian bikotean jo eta bi urtera -sarrerak agortu zituen Donostian-, Tolosan jo zuen atzo Wim Mertens belgikarrak, harizko boskote fin batek lagunduta. Bertan harrapatu genuen, Leidor antzokian jo aitzin.

«L´Heure du loup» plazaratu berri duzu. Zer aurkituko dugu bertan?

«Otsoaren ordua» esan nahi du izenburuak frantsesez. Otsoaren kontzeptua garrantzitsua da niretzat, txikitatik ipuinetan ezkutuko zerbait legez agertzen zaigu-eta. Gainera otsoek taldean egiten dute lan, eta nik ere taldean lan egiten dut, musikari eta instrumentu ezberdinekin. Horrek musika mugimenduan mantentzen du beti, inoiz finkoa izatera heldu gabe. Otsoekin jarraituta, sarri ez dugu ulertzen nola jokatzen duen eta zer egingo duen, eta horrek erakartzen gaituen era berean izutu egiten gaitu. Beraz, «Otsoaren orduak» otsoa etorriko dela iragartzen du, eta sorpresaren bat izango dugula.

Eta musikara eraman nahi izan dituzu otsoaren ezaugarriak.

Bai, musikari dagokionez ere publikoari eraso egiten diogu. Egungo ensemblean ere, seikotean, alerta gaude eta keinu hutsekin guztiok bateratze harrigarriak sortzen saiatzen gara. Azken finean, niretzat jotzeko unea da garrantzitsua, musikaren praxia. Eta praxi honetan batetik musikariak hartzen duen arriskua dago, motelago edo azkarrago jotzeko orduan, eta bestetik dena modu egokian garatzea. Horretarako, publikoak arrisku hori nola hartzen duen kontutan izan behar da, guztion artean, musikari eta publiko, ez hitzezko erresonantzia bat sortzeko dardara eta sentimenduen bidez.

Ezohiko musikari minimalista. Eroso sentitzen zara definitzen zaituzten moduarekin?

Bakoitzak musika bere erara ikusteko eskubidea du. Ni, lehen esan bezala, praxiak arduratzen nau, nola garatzen den musika, eta ez nau gehiegi kezkatzen zein multzo edo ataletan egon naitekeen. Gainera, dagoeneko desagertuak dira ista horiek guztiak. Minimalismoa azkena izan zen joaten, 70eko hamarkadan AEBetan, eta asko lagundu die ni bezalako konposatzaileei lanean hortik abiatzeko.

Antzerki, zinema... moda desfileren bat! Makina bat esparrutarako sortu duzu musika.

Egunez egun nire musika garatzen nabil eta horretarako konfiantza eduki beharra dago. Nik badut nire oinarri eta iturri musikaletan informazioa atera eta oso bide ezberdinetatik jotzeko, oso azentu ezberdinekin, izan antzerki, zinema edo beste. Historikoki musika diziplina edo arlo askotara begira egon izan da; erlijiosoa, dantzarako, militarra... izan da. Egun ere konposatzaile batek bere tokia behar du arlo guztietan, baita bere musika jendearengana helarazteko ere, Internet bidez eta.

Musika arlo eta mundu guztira parez pare zabaldu.

Musikak ezin du mundutik banatuta egon, gu mundu honetan gaude, mende honetan asko aldatu den mundu honetan. Eta oso garrantzitsua da denok konektatuta egotea. Bi lagun elkarrekin daudenean erreakzio bat sortzen da, eta espontaneoa behar du izan. Horri buruzkoa da jada prest dudan lan berria ere, «Mundua, sinpleki» deiturikoa.

Zuzenekoak ere ehunka eman dituzu: bakarka, bikotean, seikotean edo orkestrarekin.

Formazio askorekin lan egiten dut bai, eta horri esker nire konposaketak ez dira inoiz itxiak edo zurrunak. XVII. mendea baino lehenago bezala hainbat instrumentu eta formaziorentzat sortzen duzunean, konposizio bakoitza irekia da, mundua bezala, eta, musikak ihes egiteko bidea aurkitzen du. Behin eta berriro pieza bera jota ere, inoiz ez da berdina izango. Eta modu horretan entzuleak parada izango du, ez estilo, metodo edo programa batean sartzeko, musika beraren erresonantzia ezagutzeko baino.

«Hizkuntza unibertsal baten atzetik nabil» irakurria dizut.

Guztiz, bai. Hizkuntza unibertsal bat lortu nahi dut musikarekin, batere estatikoa ez dena eta beti guztiz irekita dagoena, esponja baten gisara.

Horregatik erabiltzen eta esperimentatzen duzu ahotsarekin, musika tresna bat balitz legez?

Niretzat ahotsa ez da instrumentu bat. Organo bat da, bihotza bezala, eta, hortaz, sailkaezina da. Eta ez nuke esango esperimentatu edo hizkuntza unibertsala lortzeko erabiltzen dudanik ere. Tonuak ateratzeko irekitzen dut ahoa, erreflexu animali bat balitz legez, katuek min dutenean egiten duten bezala. Espresio bat da ahotsa ere.

 

iheserako bidea

«Hainbat formaziorentzat sortzen duzunean, konposizio bakoitza irekia da, mundua bezala, eta musikak ihes egiteko bidea aurkitzen du»

ahotsa

«Ahotsa ez da instrumentu bat, organo bat da, bihotza bezala, eta, hortaz, sailkaezina da. Nik animali erreflexu bat bezala erabiltzen dut»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo