GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Deiadar manifestaldi batean biltzeko deia egin die Euskal Konfederazioak euskaltzaleei

Frantses Kultur Ministerioak hitzemandako 2009. urterako hizkuntz gutxituen aldeko legea bertan behera geratzeko arriskua dagoela-eta, Euskal Konfederazioak manifestaldia antolatuko du urriaren 24an.

p017_f02_37126.jpg

Ainize BUTRON |

Gobernu frantsesak 2009. urterako hizkuntz gutxituei buruzko lege bat finkatuko zuela iragarri zuen. Legearen edukia eta gauzapena zertan zegoen jakin nahian, Euskal Konfederazioa, Estatu frantseseko beste herri gutxituekin osatzen duen plataformako kideekin batera, Asanblea Nazionalean gaiaren ardura duten diputatuekin bildu zen maiatzaren 20an.

«Diputatuei legea finkatzekoa duen Kultur Ministerioarekin bitartekari lana egitea eskatu nahi genien, baina kezkatuta atera gara bileratik, diputatuek edukiari buruz deus ez zekitela ohartu baikara. Gainera, legea aurten ez dela egingo dioten zurrumurruak daude», argitu zuen Sebastien Castets Euskal Konfederazioko ordezkariak. Legeak hizkuntz politika iraunkorra egiteko markoa finkatzea helburu duela kontuan izanik, bere gauzapenaren garrantzia nabarmendu zuen Castetsek.

«20010an hauteskundeak izango dira, 2012an, berriz, presidentetzarako hauteskundeak. Beldur gara, legea bertan behera geratuko dela», esan zuen Jakes Bortahiru AEKko ordezkariak. Egoera ikusita, frantses Estatutako plataforma osatzen duten taldeek «Frantziako lurralde eta eskualde hizkuntzen aldeko legezko estatutu baterako oinarrizko hamabi printzipioen deklarazioa» kaleratu dute. «Lehen aldia da hizkuntz gutxituen ordezkari guztiek testu bat adosten dugula. Testuan lege bat finkatzeko gure ustez oinarrizkoak diren puntuak bildu ditugu. Horiek betetzen baditu, legea onargarria izango da, bestela ez», erran zuen Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Testua diputatuei eta Estatu frantseseko eskualdeen elkarteari eman diete beraiek Kultur ministroari helaraz diezaieten.

Euskaltzaleei deia

Parisetik heldu zaizkien berriak ikusirik, eta euskararen egoera larria kontuan harturik, urriaren 24an manifestaldi bat antolatzea erabaki dute. Manifestaldiak aurretik Deiadar izenpean egin izan diren mobilizazioen izpiritu bera izango du. «Manifestaldi horren bidez agintariak presionatu nahi ditugu legea lehenbailehen gauza dezaten. Ekimena momentu garrantzitsua izango da», nabarmendu zuten. Hala, euskaltzaleei eta euskararen aldeko elkarte guztiei mobilizazioan parte hartzeko eskatu zieten.

Egun berean, Carcassonne hirian mota bereko mobilizazioa egingo dute okzitaniarrek. «Bretoiak eta katalanak ere egun berean manifestaldi bat egiteko aukera hausnartzen ari dira. Gobernuaren zain geratzen bagara, legea ezerezean geratzeko arriskua dago», gehitu zuten. Prentsaurrekoan zegoen Koldo Teitu Kontseiluko lehendakariak Euskal Herriko euskaltzale guztiei manifestaldian parte hartzeko deia egin zien.

Euskal Konfederazioak, bere aldetik, hasitako lobby lanarekin jarraitzen du. Euskal Kulturaren Sostengurako Herri Elkargoak hizkuntzaren aldeko mozioa izenpetu ostean, testua herri guztietan aurkeztuko dutela esan zuten. Tartean, ekainaren 16an, frantses ministro ordezkariekin legeari buruzko bilkura bat ere egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo