GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA

Nazabal finalean izateko faborito garbia izango da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aizkora izango da, dudarik gabe, biharko protagonista nagusia, hiru ekitaldi garrantzitsu izango baitira. Horrek baina badu bere alde txarra ere, hiru ekitaldiak ordu berean jokatuko baitira.

Urrezko Aizkoran, bigarren finalerdia jokatuko da Koartangon, 12.30etatik aurrera. Bertan Nazabal eta Lopez neurtuko dira nor baino nor. Bi aizkolari hauek lagun handiak dira, Binakakoan ere elkarrekin behin baino gehiagotan aritu dira, baina oraingoan elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Etxarriko txapelduna aterako da irabazteko faborito nagusi bezala.

Txapelduna sasoi bikainean dago, eta, ondorioz, une honetan edozein lan klasetan da zaila Nazabali aurre hartzea. Hala ere, aurrean galtzeko ezer ez duen bat izango du. Lopezek heldu den lekuraino helduta, bete du bere lehiaketa. Final-laurdenetan, gainera, Mindegia kanporatu zuen, eta horrek indarra emango dio. Badaki irabaztea zaila izango duela, baina ezustea emateko prest agertuko da. Hainbat lan egin beharko dituzte, eta orotara denborarik gutxien egiten duenak lortuko du finala jokatzeko txartela. Azkeneko saio hori datorren larunbatean jokatuko da Azpeitian, eta jadanik bertan izateko txartela lortuta duena Anjel Arrospide da.

Baina ez da finalerdi bakarra izango, 23 urtez azpikoetan Atutxa II.a eta Saralegi lehiatuko baitira. Jadanik Erasun finala jokatzeko sailkatuta dago.

Bestetik, ez da ahaztu behar bihar Azpeitiko zezen-plazan aizkora apustua jokatuko dutela Otaegik eta Aizpuruk. Atzoko alean norgehiagoka 12.00etan hasten zela iragartzen bagenuen ere, azkenean, 12.30ean hasiko da.

Azkenik, Gipuzkoako Bigarren Mailako lehen kanporaketa jokatuko da. Bi multzotan arituko dira aizkolariak, eta lehenengoa bihar bertan jokatuko da 12.30ean hasita, Beasainen. Hiru ekitaldi garrantzitsu eta hirurak ordu berean.

Multzo honetan, Alkizalete I.a, Alkizalete II.a, Dorronsoro, Esnaola, Mugertza II.a, Mugertza III.a, Olasagasti eta Ugarteburu neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Lehenengo hiru sailkatuek lortuko dute finalerako txartela. Finala uztailaren 26an izango da, Mendaron. Aurrez beste multzokoek ere kanporaketa jokatuko dute Andoainen, ekainaren 24an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo