GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Iniziatiba hartuz

Estatuak ez zion ezker abertzaleari iniziatiba eskaini nahi. Iniziatiba ukatzeko edozer egiteko prest zegoen. Eta itsukeria horrek iniziatibaren aldaketa ekarri du. Iniziatiba herritarron esku dago, eta orain bozka «legala» emateko parada dugu. Balia dezagun!

Kolokan jarri du espainiar Tribunal Konstituzionalak espainiar Gobernuaren estrategia? Honela ikusi du jende askok, eta Rubalcaba zein beste batzuen haserreak antzeko zerbait pentsarazten du. Izan ere, nabarmena da Gobernuak ez zuela Iniciativa Internacionalista hauteskundeetara joatea nahi. Zergatia nabarmena da: estutzeko jarduera zalantzan jartzen du, eta orain lehentasuna presionatzea eta ezker abertzalea garaituta eta norabiderik gabe dagoela irudikatzea da. De la Vegak esan du Konstituzionalaren erabakiak ez zuela hautsiko Gobernuaren estrategia, baina, beharrezkoa zen hain urrun joatea? Zer esan nahi zuen, erabaki horrek hankaz gora jar dezakeela aipatu estrategia? Hain oinarri ahulak ditu? Edo, bestela, hain kolpe gogorra da II-HE ilegalizatu ez izana?

Azkenengo konponbide prozesua zapuztu zutenak pozik zeuden Estatuaren eragile guzien laguntza biltzen ari zirelako beren estutze estrategiaren alde. Konstituzionalaren zaplaztekoa, hortaz, ez da nolanahikoa, denon aitzinean gaitzetsi duelako kasu honetan Gobernuak, Fiskaltzak eta Epaitegi Gorenak hartutako bidea. Ez dirudi Konstituzionalaren erabakiak estrategia hori hondarazi nahi duenik, baina ondorioak denon begi-bistan daude. Nik esanen nuke II-HE ez ilegalizatzeko erabakiaren gibelean Europako epaileek esan dezaketenaren beldurra dagoela, ez baita ahantzi behar oraingoz ez dela argitaratu honen inguruko epaia, espainiar Estatuan egonez nabarmena sortzen duen epaia, hots.

Europan zer erabakiko duten ez dakit, baina «El Pais»-ek arriskua azpimarratu bazuen, Gobernuaren irizpideen kontra azpimarratu ere, ez da Prisakoek neurri errepresiboen kontrakoak direlako, ilegalizazioen estrategia bera kolokan ikusten dutelako baizik. Eta honek zerbait esan nahi du. Alderdien Legea muturrera eraman dute eta inoiz baino agerikoagoak dira oinarrizko eskubideen urraketak. Jakina, estrategia honen gakoetarik bat da sobera ikusgarria ez izatea, hau da, kriminalizazioa jasaten dutenendako bai, baina besteendako ikusezina edo ezkutukoa izatea.

Estatu eragileen arteko lehia honetatik ondorio borobilak ateratzea sobera arriskutsua litzateke, baina beharbada behin-behineko irizpide ezberdintasun bat baino gehiago dago mahai gainean. Batzuek, prozesuan egin zuten moduan, edozein konponbide politikorako atea itxi nahi dute, errepresioaren aldeko apustua eginaz. Agenda ezarri nahi dute eta beren ustetan oso kaltegarria litzateke ezker abertzaleak indar irudia ematea. Gauzak horrela, legalki bozkatzeko aukerak urduritu ditu, eta agenda eskuetatik kendu die. Esan dezagun: iniziatiba kendu diete! Beste batzuendako, berriz, urduritasuna eta itsukeria estrategia osoaren krisia ekar dezakete, askotan gertatu den moduan. Gainera, ez dago hain argi Estatuko eragile guziek ahalezko konponbide politiko bat baztertu izana. Finean, irtenbidearen aukerak lerrotze bat ekartzen du, nork bere interesak defendatzeko bidea hautatu nahi duelarik.

Estatuak ez zion ezker abertzaleari iniziatiba eskaini nahi. Iniziatiba ukatzeko edozer egiteko prest zegoen. Eta itsukeria horrek iniziatibaren aldaketa ekarri du. Iniziatiba herritarron esku dago, eta orain bozka «legala» emateko parada dugu. Balia dezagun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo