GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Unai Txurruka eta Ainhoa Mendibil IAko bozeramaileak

Bestelako unibertsitate eredu baten alde

Orain hogei urte batzuek hasitako borrokarekin orain sei urte beste batzuek jarraitzen zutelako jarraitzen dugu guk orain eta aurrerantzean jarraituko

Momentua zen. LOU legearen aurka egiteko, gauzak horrela ez zirela esateko unea; ikasleon hitza errespetatu zedin eskatzeko unea. Eztabaidarako unea zen, eta ez zen halakorik gertatu.

Horren aurrean, zegokion eran jokatu zuen ikasleriak orduan. Bai hemen, Euskal Herrian, eta kanpoan. Ehunka mobilizazio burutu ziren LOUren aurka. Eta 2003ko apirilaren 9an Euskal Herrian egindako borroka eguna da gaur gogora ekarri nahi duguna.

Garai hartan Montero zen UPVko errektorea. Eta garai hartan gu ez, beste batzuk ziren UPVko ikasle. Denbora pasatu baita ordutik. Baina gauzak ez dira askorik aldatu.

Aipatutako egun hartan, Leioako kanpusean izandako gertakari batzuk direla-eta, epaiketa izango dute orain bederatzi ikaslek, sei urteren ondoren.

Hilabetea ez da joan abenduan errektoretza okupatzeagatik UPVko 30 ikaslek epaiketa izan zutenetik, eta Iñaki Goirizelaia da orain errektorea. Garaiak eta agintariak aldatu arren, UPVk lehengo lepotik dauka burua.

«LOU legeari ez!», oihukatzen zuten 2003an ikasleek, eta horregatik izango dira epaituak. «Bolognari ez!», oihukatzen dugu orain, eta kolpatuak izaten jarraitzen dugu. UPVk, eta baita Euskal Herrian dauden bestelako unibertsitateek ere, ikasleon hitzari entzungor jarraitzen dute. Exijitzen dugun eztabaida parte-hartzailea izateko ez dute inongo arrazoirik ikusten unibertsitateetako agintariek. Arrazoiak soberan daude, ordea, Poliziari kanpusetako ateak zabaltzeko orduan. Ez zaie arrazoirik falta, antza, kanpusak kameraz josteko, edo eta ikasleontzat soilik diren betebehar eta zigorren arautegiak egiteko.

Eskatzen dugun eztabaida hori epaitegietan izango dela dirudi. Hori da UPVk ikasleoi eskaintzen diguna. Eta horretarako ez daukagu sei urte atzera egin beharrik. Azken bi urteetako datuek euren kabuz hitz egiten dute. Bost ikasle atxilotu, 48 auzipetu eta 82 identifikatu utzi baitituzte azken bi urte hauek. Argi dago unibertsitateko agintariek hautu garbi bat egina dutela aspaldi, eta bide horretatik jarraitzen dute orain ere: errepresioa. Beren helburuak lortzeko errepresioa eta isiltzen ez denarentzat errepresio gehiago. Hori da beraien hautua, unibertsitatea, herriaren zerbitzura jarri eta kritikotasuna sustatuko duen eremua izatetik urrun, kapitalismoaren beharrei erantzungo dien tenplua bilakatu dute. Eta horrekin ados ez dagoena, isilarazi egiten dute; ez dute beste irtenbiderik ikusten.

Baina gauzak askorik aldatu ez direla diogunean, ez diogu agintari eta inposatzaileei begira bakarrik. Ispiluari begira ere jarri gara ikasleok. Eta halaxe da, lagunok, orain sei urte ikasle zirenek gauzak aldatuko zituztela uste bazuten, berdin pentsatzen jarraitzen dugu guk. Orain sei urte ikasleen eskubideen alde borrokan zihardutenek borroka hark merezi zuela uste bazuten, igaro diren sei urte hauek hori horrela dela baino ez digute erakutsi guri. Orain sei urte esaten zirenak egia bilakatu dira orain. Eta atzera begiratzeak aurrera jarraitzeko gogoa baino ez digu ematen gaurko ikasleoi. Harro gaude LOUren aurka borroka egin zuten ikasle horiez, eta harro jarraitzen dugu egun, unibertsitateetan Bolognaren aurka dauden ikasle guztiez ere. Oker dira, beraz, UPVtik pasatu diren errektoreak atxiloketek, jipoiek, epaiketek eta antzerakoek ikasle borrokarekin amaitzeko balioko dutela uste badute.

Orain hogei urte batzuek hasitako borrokarekin orain sei urte beste batzuek jarraitzen zutelako jarraitzen dugu guk orain eta aurrerantzean jarraituko. Indarra soberan daukagu, arrazoiak ez dira falta. Lortuko dugulako, sinesten dugulako jarraituko dugu inposaketen aurka, bestelako unibertsitate eredu baten aldeko borrokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo