GARA > Idatzia > Kirolak > Eibar

Aurkari zailena patu latzari aurre egiteko

XEREZ-EIBAR

A.U.L. | EIBAR

Partida erabakigarriaren aurrean egon daiteke Eibar. Azkenaldiko ibilaldiak -hamahiru partida daramatza irabazi barik- ia mailari eusteko aukerarik gabe utzi du talde gipuzkoarra eta gaur heriotza-ukaldia jaso dezake.

Gorri-urdinek garaipena lortu behar dute eta, hala ere, matematikoki Bigarren B Mailan egon daitezke jardunaldia amaitzerakoan. Celtak bihar Eibarren emaitza errepikatzen badu, itxaropena erabat desagertuko da. Eta Eibarrek berak hiru puntuak ez baditu lortzen, ez du itxaron behar izango: gaur gauean jaitsiera errealitatea izango da.

Egoera borobiltzeko, aurkari zailena izango dute aurrean armaginek: jardunaldi honetan bertan matematikoki Lehen Mailako taldea izan daitekeen Xerez, hain zuzen. Andaluziarrek, izan ere, sekulako jaia antolatu dute partidarako. Chapineko 21.000 eserlekuak beteta egongo dira historian lehen aldiz, Esteban Vigoren taldearen nagusitasunari giro eta presio ikusgarriak gaineratuz.

Benetakoa izan ala ez, Eibarren diskurtsoan baikortasuna agertzen da, hala ere. «Xerez Bigarren Mailako talderik onena da, baina gauzak ondo egiten baditugu eta ez baditugu hain garesti ordaintzen egiten ditugun txorradak, gure aukerak izango ditugu», adierazi zuen Josu Uribek.

Entrenatzaile armaginak hainbat aldaketa egingo du hamaikakoan. Alde batetik, Biel Medina eta Raul Garcia itzuliko dira eta, bestetik, jokatzeko modua ere aldatuko duela ematen du: Ander Alaña bakarrik arituko da defentsaren aurretik eta lau erdilarien lerroaren atzetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo