GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Larrinaga eta Larrarte absolbitu egin ditu Bizkaiko Probintzia Auzitegiak

Ibon Meñikak jasandako tortura salatzeagatik auzipetutako Julen Larrinaga eta Aiert Larrarte errugabetzat jo dituzte azkenean. Aldiz, Meñikak «salaketa faltsua jarri ote zuen» aztertzeko bere testigantza igorriko du epaileak.

p014_F01.jpg

GARA |

Torturak salatzeagatik auzipetu zituzten Julen Larrinaga eta Aiert Larrarte absolbitu egin zituen atzo Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Ibon Meñikaren testigantza zabaltzeagatik auzipetu zituzten Larrinaga eta Larrarte eta, orain, Ibon Meñika berak «tortura salaketa faltsua jarri ote zuen» aztertzeko, bere tortura testigantza igortzeko agindua eman du epaitegiak.

Julen Larrinagak eta Aiert Larrartek, amnistiaren aldeko mugimenduko kidea eta Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) abokatua hurrenez hurren, agerraldia egin zuten Meñikak Guardia Zibilak atxilotu ostean pairatutako tratu txarrak salatzeko eta horrek akusatu bilakatu zituen. Izan ere, Guardia Zibila iraindu nahi izana egotzi zien Fiskaltzak eta 15 hilabetean egunero 15 euroko isuna (6.750 euro) ordaintzea eskatu zuen. Epaiketa joan den maiatzaren 11n egin zen eta atzo jakinarazi zen bi herritar hauen absoluzioa.

Autoan bi akusatuek «Ibon Meñikaren hitzak sinistu eta sinetsitako hori helaraztea» besterik ez zutela egin nabarmentzen da. Era berean, egin zuten agerraldian «errespetuzko» hitzak erabili zituztela jasotzen da. Horiek horrela, Larrinaga eta Larrartek adierazpen horiek egiteko «euren informazio eta adierazpen askatasunaz baliatu zirela» sostengatzen du dokumentuak eta horretan deliturik ez dagoela nabarmentzen du.

Bi eledunak «delitu baten aurrean zirela sinistu eta borondate onenarekin hura salatu zutela» uste du epaileak. Iraintzeko inolako eskubiderik ez dutela dio, baina, agerraldian esandako guztia aztertu ondoren, bertan «irainik ez dagoela» defendatu du; «ez pertsona bati ez talde bati zuzenduta».

Autoa ordea, ez da horretan gelditzen eta delitua egotekotan Meñikaren testigantzan egon daitekeela dio. Horrela, Meñikaren tortura salaketari sinesgarritasuna kendu nahi zaio. Testuak, gainera, Ibon Meñika Guardi Zibilaren eskuetan egon zen egunetan «torturatu ez zutela bistakoa» dela eta, hortaz, testigantza faltsua egin izan zezakeela dio. Hori aztertzeko, gainera, Meñikak azaldutako testigantza igortzeko eskaria egin du epaileak.

2006ko apirilean atxilotu zuen Guardia Zibilak Ibon Meñika gaztea, ETA diruz laguntzeko bonoak izatea egotzita. Lau egunez eduki zuten inkomunikatuta. Epailearen aurrera eraman zutenean, tratu txarrak eta torturak jasan izana salatu zuen. Berria jakin bezain laster, prentsaurrekoa eman zuten Aiert Larrartek eta Julen Larrinagak, eta Meñikak jasandako torturak salatu zituzten jendaurrean.

Joan den maiatzaren 11n epaitu zituzten Larrinaga eta Larrarte. Epailearen aurrean, «torturatzen dutenak epaitu baino, torturaren kontra lan egiten dutenak epaitzea» gogor kritikatu zuten.

artxibatuta

Ibon Meñikak formalki salatu zituen torturak auzitegian. Halere, ez zen guardia zibilik akusatuen aulkian eseri eta auzia artxibatu egin zuten. Bere testigantza zabaltzen lagundu zuten Larrinaga eta Larrartek, bien bitartean, akusatuen aulkian eseri behar izan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo