GARA > Idatzia > > Ekonomia

Euriborrak %1,664an itxi du maiatza, hipoteka dutenen zama arinduz

Euriborrak bere hirugarren gutxieneko historikoa izan du maiatzean, eta %1,664an itxi du hilabetea. Horrek etxea erosteko mailegua dutenen zama arinduko du nabarmenki, baina ez hipoteken merkatua; mailegu gutxiago ematen dira eta zenbatekoak ere gutxitu egin dira.

GARA |

Euriborra %1,644an geratu da maiatzean eta jarraian bere hirugarren gutxieneko historikoa izan du, martxoan (%1,909) eta apirilean (%1,771) jasotako marken ostean. Indize berriak gutxienez 250 euroko deskontua suposatuko du ekainean errebisatu eta duela urtebete sinatutako hipoteketan.

Euriborreko maiatzeko datua, hipoteken letrak kalkulatzeko gehien erabiltzen den adierazlea, datozen egunetan baieztatu behar du Espainiako Bankuak.

Euriborra zortzi hilez segidan jaitsi da dagoeneko. Horrenbestez, urriko %5,248ko tasatik egungo 1,664ra pasatu da, eta horrek 3,6 portzentaje-puntuko jaitsiera suposatzen du.

Pasa den maiatzaren 19an, izan duen kotizazio txikiena izan zuen euriborrak, %1,595era heldu baitzen. Hortik aurrera, aldiz, goranzko joera izan zuen zazpi egunez; bilakaera hori atzo eten zen, eguneko tasa %1,631n itxi baitzen, eta aurreko egunekoa %1,641 izan baitzen.

Goranzko joera txikia bizi arren, adituen ustez adierazlearen joera ez da aldatu eta urtearen erdialdean %1,5 ingurukoa izango da.

Adituek merkatuetan sumatzen den egoera ekonomikoaren hobekuntzarekin lotzen dute jaitsierak izandako galgatzea. Era berean, Europako Banku Zentralak finantza merkatua berraktibatzeko asmoz maiatzean bankuen likidezia errazteko hartu zituen ezohiko neurrien eragina ere nabarmentzen dute.

Hipoteka gutxiago

Dolarrak euroarekiko duen ahultasunean kokatzen dute adituek indizeak maiatzean izandako gorakada. Era berean, gorakada hori azaltzen duen beste arrazoi bat ere aipatzen dute: Europako Banku Zentralak ekaineko batzarrean interes tipoak %1ean mantenduko dituela ziurtzat ematen da.

Familia askoren kasuan hipoteken zama arindu egin bada ere, Europako Banku Zentralaren erabakiak ez du nahi zuen bigarren xedea lortu, euriborraren portaerak ez baitu hipoteken merkatua suspertu. Hala, azken hileotan etxea erosteko maileguak eta eskatutako hipoteken zenbatekoak gutxitu egin dira, ordaindu beharrekoan deskontu handiak dauden arren.

Maiatzeko indizearen arabera, duela urte bat 140.861 euroren truke eta 25 urtetako amortizazio epearekin hipoteka sinatu zutenek, 250 euro gutxiago ordainduko dute hilean eta 3.000 euro gutxiago urtean. Era berean, 300.000 euroko eta 30 urteko amortizazio epearekin etxea erosteko mailegua eskatu zutenek, 550 euro baino gehiagoko jaitsiera izango dute hilean, eta 6.600 baino gehiagokoa urtean.

Inflazioa, ZEro

Azken hamabi hilabeteotan, prezioek ez dute aldaketarik izan. Inflazioa %0,0koa izan da eurogunean, adierazlearen historian inoiz gertatu ez zena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo