GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Ekonomia suspertzeko itxaropena itxaron behar

Krisi arriskurik ez zegoela esaten zutenetik, ekonomia-agintari eta «adituak» beren mezua aldatuz joan dira, betiere mezu horri edergarri oro kendu izan dioten datuek horretaratuta. Hartara, finantza krisiak ez zuela egiazko ekonomian eraginik izango esatetik, baietz, izan duela esatera igaro ziren, baina gogorrena igarota zegoela erantsita. Eta datu berriek gero eta egoera beltzagoa agerian utzi ahala, onartu beste erremediorik ez dute izan, baina berehala eutsi izan diote suspertze zantzuen leloari. Azkenaldion egoera ekonomikoak hobera egingo duen zantzu horiei «ernamuin berdeak» esan diete. «Ernamuin» horiez dihardu Alberto Castro burtsa analistak gaur GARAn, eta oso eszeptiko agertzen da beroriekiko, ez baitu inon ekonomiaren suspertzea iragartzen duten zantzurik ikusten. Ondorio horretara iristeko datu errealak aztertu ditu, eta datu errealek, berriro ere, funtsik gabeko optimismoaren ereileek hedatu nahi duten itxaropena adiera batean baino ez dute onartzen: itxarotea, hain zuzen. Izan ere, atzeraldiaren erakusgarririk fidagarrienei -Barne Produktu Gordinari eta langabeziari- begiratuta, ez dirudi zalantzarako tarte handirik dagoenik. Horiek horrela, herritarrek benetako ernamuin baten zain jarraitu beharko dute, eta ez litzateke ernamuin txarra izango, Castrok dioen bezala, langabezia gutxitzen hastea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo