GARA > Idatzia > > Kultura

Denbora gelditu eta nor bere burua epaitzeko gonbitea luzatu du Asier Serranok

Errealitatetik ihes egin eta fantasiara jo du Asier Serranok «Erlojugilea» (Txalaparta) eleberrian. Bere ohiko ironia eta umorea alde batera utzi, eta hausnarketarako gonbitea egiten dio irakurleari.

p043_f01_96x116.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Zer egingo genuke ikusezin izango bagina? Eta, zer inork epaituko ez bagintu? Horiexek dira Asier Serrano eibartarrak «Erlojugilea» liburuan luzatzen dituen hausnarketarako ideia batzuk. Bide batez, irakurleak bere burua epaitzea nahi du eta ez liburuko protagonista.

Iraganak astintzen duen erlojugile bat aurkezten digu. Bat-batean, mundua gelditu egiten da eta «bera eta bere morala bakarrik geldituko dira. Bere buruarekin borrokatuko du orduan», azaldu zuen Serranok. Egitura klasikoa mantentzen duen arren, errealismotik ihes egin du, irakurlearen zerbitzuan kezka moral batekiko hausnarketa bultzatzeko. «Beharra sentitzen nuen errealitatetik ateratzeko. Literatura munduan sartu, sortu, mundu fantastikoetan murgildu, kezkatzen nauten gauzak esplikatzeko», erantsi zuen.

Trilogia bat izango balitz, bigarren zatian murgildu dela azaldu zuen: «Lehenengoa gerrari buruzkoa izango litzateke, bigarrena moralari buruzkoa eta hirugarrena botereari buruzkoa. Baina gehiago gustatu zait moralaren gainean aritzea eta horrekin idazle sentitzea». Aurreko lanetatik aldaketa nabarmena dela ere azaldu zuen, «ez da nire ohiko ironia eta umorea agertzen. Serioa da ideietan eta uste dut irakurlea harritu egingo dela».

Serranok bide berri honi jarraipena emateko asmoa du gainera, «`Erlojugilea' lehengo pausoa da nire mundu literarioa, nire kokalekua sortzeko bidean. Jarraipena izango du. Bueltatuko naiz giza garun itxurako hiri honetara». Irakurleei beren galdera pertsonalak egiteko gonbitea luzatu zien eta gomendio bat ere eman nahi izan zien: «Ez hartu kariño gehiegi istorio honetako protagonistari».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo