GARA > Idatzia > > Kultura

Itsasoa eta hilketak protagonista, Etxeberria anaien «Arrain abisalak» nobela poliziakoan

p043_f02_97x92.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Txakolin beltzarekin alderatu zuten Xabier eta Martin Etxeberria anaiek batera idatzi duten hirugarren nobela, «Arrain abisalak» (Elkar). Aurrez «Itxoidazu Café de Passy-n» eta «Ez dadila eguzkia sartu» kaleratu zituzten.

Eleberri poliziakoa da honakoa, «bi urtez egon da barrikan eta txinparta ere badu», azaldu zuten. Zarautzen kokatutako lagun koadrila baten istorioa kontatzen du. Ilargi tabernan biltzen dira lagun hauek eta halako batean, hilik agertuko da euretako bat. Xabierrek duela hamar urte idatzitako «Egun denak ez dira berdin» istorioko Tasio protagonista berreskuratu dute gainera, «oso berezia da nobela hau niretzat, orduan bakarrik idatzi nuena errekuperatu dugu», esan zuen Xabierrek.

Pertsona arruntekin osatu nahi izan dute nobela beltz hau eta guztia Euskal Herriko kostaldean kokatu. Erritmo biziz eta irakurleari amuak eskainiz, hartualdi gutxitan bukatzeko liburua osatu nahi izan dute. «Ez da korapilatsuegia. Jolas moduan planteatzen da eta horrexegatik, aurreko lanetan baina gehiago disfrutatu dugula esango nuke», azaldu zuen Martinek.

Itsasoa ere pertsonaia bat gehiago da istorioan. Guztiek dute nolabaiteko lotura berarekin, arrantzalea bata, surflaria bestea, arrain banatzaile bat... Eta hortik etorri da liburuaren titulua ere. «Arrain abisalak sakonera handitan bizi direnak dira, ur azalera igoz gero, lehertu egingo liratekeenak. Guk hori pertsonaiekin lotu dugu», azaldu zuten.

«Lau eskutara» idaztea jolasa bilakatu dela adierazi zuten, eta oraingoan, askatasun handiagoarekin jokatu dutela, «kapitulu bakoitzean zer joango zen aurretik lotu gabe baina gure zuzenketak gehiago zorroztuz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo