GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

KIROL ESKALADA | Jarduerak

Proposamen gogorrak astindu dituzte Alemanian eta Grezian

Toni Lamprecht beteranoak «Jaws 11» bidearen (9a) lehen igoera egin du. Gradu bereko proposamena egin du Markus Bockek «Pantera» marrarekin. Adam Ondra gazteak ahoa bete hortz utzi ditu Kalymnosen.

p053_f01_47017.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Kateatze adierazgarriak iritsi zaizkigu Alemania zein Greziatik. Hiru protagonistak bereziak ditugu: bi alemaniar, Toni Lamprecht eta Markus Bock; eta txekiar bat, Adam Ondra. Beteranoak lehenbizikoak; hirugarrena, nerabea.

Alemaniatik, Lamprechtek argi utzi digu blokean zein kirol eskaladan ondo baino hobeto aritzen dela. Duela hilabete batzuk aipatzen genizuen, blokean, muturreko proposamena egin zuela: «Bokassa´s fridge» eta «Assasin monkey and man» blokeen lotura (8c+). Orain soka gerrira lotu eta beste goi mailako jarduera sinatu du: «Jaws 11».

Bide horren lehen igoera da, eta alemaniarrak 9a graduko proposamena egin du: «Pe´ahi (Jaws ingelesez) Maui arrezifeetan surf egiteko sortzen den olatu handi bat da, eta kateatu berri dudan bide honek olatu horrekin antza handia dauka. Harkaitzak forma bertsuak ditu, garaiera ere antzekoa da eta bere mugimenduak oso basatiak dira; «eskola berrikoen» antzekoak. Hots, salto handiak eta blokeko tarte ikaragarri gogorrak. Hori dela eta, marra hau poltsikoratu ahal izateko, ezinbestekoa da sasoi bikainak eta bidearen baldintzek une berean bat egitea».

Kochelen (Alemania) dagoen proiktu zahar horren lehen paraboltak duela 15 urte jarri zituen. Ahal zuenean, saioren bat edo beste egiten zuen, baina benetakoak iazko udazkenean hasi zituen. «Joan den neguan, blokean bikain ibili nintzen, eta indartsu bukatu nuen denboraldia. Ondoren, bidearen sekzio guztiak barneratu nituen, eta, azkenean, bi astetan `Jaws 11' egin nuen. Uste dut Kocheleko bide gogorrena dela», adierazi du Lamprechtek.

Alemaniatik irten gabe, Frankenjuran, Markus Bockek beste 9a proposatu du: «Pantera». Eskalatzaile hau eskalada eskola edo eremu horretako «buruzagia» dugu. Bai, Franjenjurako 8b zailtasunik gorako bide guztiak (200) kateatu ditu; horietako asko eta asko lehen igoerak izan dira.

Bockek, guztira, bost eguneko saioak behar izan ditu «Pantera» bideari puntu gorria jartzeko. Oso marra teknikoa da, mugimendu handiko eta oin leku txarrak ditu. Alemaniarrak dioenez, bideak bi sekzio ditu: «Lehena 14 mugimendutakoa da, oso helduleku txiki eta kamutsekin. Tarte honek buruhauste handiak eman zizkidan; izan ere, hiru eguneko saioak behar izan nituen. Bigarrena, berriz, artesi batean eskalatzen da. Lehen aldiz ikusi nuenean, apirilaren hasieran, ohartu nintzen oso zaila izango zela eta ez nuela oso ondo kalkulatu. Martxoan, Olianan, kateatu nuen `Duele la realidad' bidearen (8c+) antzekoa da, baina pixka bat zailagoa. Frankenjuran ere `Gomorrha'ren (8c+) lehen igoera egin nuen, eta uste dut `Pantera' 9a izan daitekeela».

Ondraren lurrikara

Alemaniatik Greziara egingo dugu salto. Izan ere, Adam Ondra Kalymnosen izan da, eta, espero zen bezala, ukitu duen guztia lehertu du.

Grezian antolatutako eskalada jaialdi batera gonbidatu zuten, eta, eskalatutako guztiaz, jarduera bat nabarmenduko genuke: «Gora gu ta gutarrak» (8c+) bistaz egin zuen. «Bideak ez zuen informazio gehigarririk, naturala da eta zintak jartzen eskalatu nuen. Oso blokekoa da, eta 8c dela iruditzen zait», esan du Ondrak.

8c+ gradua mantendu izan balu, bistaz egiten munduko bigarren eskalatzailea izango litzateke. Baina + hori kendu dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo