GARA > Idatzia > > Kultura

«Irudimena behar du ezkertiak egokituta ez duen mundu bat bere egiteko»

p057_f01_148x108.jpg

Garbiñe Ubeda

«Mila ezker» liburuaren idazle ezkertia

Kazetari, diseinatzaile, ilustratzaile eta idazle, arlo asko jorratu ditu eta jorratu beharra du Garbiñe Ubedak (Tolosa, 1967), ezkertiekin lotu ohi dugun topikoa betez. Ezker eskuarekin idatzi du «Mila ezker» saiakera liburua ere, eta ezkertia izatea zer den agertzen saiatu da.

Anartz BILBAO | BILBO

Autolaguntzarako balio izateko edo tesi zientifiko zehatzik agertzeko batere asmorik gabe, kexati agertu edo ohiko topikoak landu beharrik gabe, modu atsegin eta bitxian «ezkerra izatea zer den» azaltzen saiatu da Garbiñe Ubeda, Susa argitaletxean plazaratu «Mila Ezker» saiakeran. Horretarako, artea, kirola, fisika, genetika eta beste hainbat arlotan ezkertiak izan ziren eta diren makina bat gizon-emakume hartu ditu abiapuntu.

Garbiñe, zu zeu ere ezkertia izango zara? galdetzen hasi eta «bai, hala naiz» bota digu berak. «Abiapuntua hori da, nire ezkertasuna». Ezkerra izanda, tolosarrak bizitza osoan zehar jarri dio arreta ezkerrarekin lotutako orori, beti horrela gertatzen ez den arren. «Ezagutzen ditut makina bat ezkerti beraien ezkertasuna ez dutenak horrela bizi, oharkabean baino, munduak horrela agintzen duela eta».

Idazlearen ustez, «ezkerrok sekulako ohitura dugu kexatzekoa, eta askotan arrazoia dugu, munduak gauzak alderantziz jartzen dizkigula eta». Gainera, «gu bezalakoak identifikatu eta klub antzeko bat antolatzeko jera ere badugu askotan». Bestalde, ezkerrei buruz topiko ugari ere entzun ohi dira, garai batean deabruarekin lotuz edo beste muturrean jenioak direla esanez. «Eta nik ez dut sinesten hori». Beraz, «erronka bota nion nire buruari ea kapaz izango nintzen, gai librean, ezkerrei buruz idazteko, gure kexak, topikoak eta zientzialarien ekarpenak ahaztuta, inongo asmorik gabe, eta gutxiago pedagogikoa». Azken finean, «ezkertasunaren inguruko istoriotxoak dira, hasi eguneroko bizitzatik eta fisikoen burutapenetara, unibertsoraino». Adibidez, ergonomiari buruzko atalean, «guretzat tranpak diren tresnak aipatzen dira: labanak kasurako, batzuek ahoa alde batera dute eta».

Gai librean beraz, liburua ataletan banatu du Ubedak: «Esku baldarra», «Erabakitzeko askatasuna», «Elbarritasunaz», «Ezker harrotasuna»... eta makina bat lagun aurkeztuko dizkigu bertan: Julian Ajuriagerra sendagilea (surrealisten laguna), Goethe (eta bere oinak), Ralf König (komikigilea), Wittgenstein (pianista elbarria), Kurt Godel (logika irakaslea), Atos (mosketaria) edo Maradona. «Ez da pertsonaiak hartu eta zer egin duten kontatzen, beraiengandik abiatu baino». «Euskal espazioaz» atalean, ezker paretaz ari da, frontoiari buruz. Eta Juan Ignacio Retegi I.a -Julianen osaba- aipatzen du, «sekulako pilotaria eta ezkertia. Istripu bat izan zuen, eta erori ostean besoa igeltsatu zioten. Batekin ezin eta jokatu beharraren irrikaz, bestearekin, ezkerrarekin hasi zen jokatzen. Eta hor deskubritu zuen bere ezkertasuna». Kapitulu berean Oteiza ere aipatzen du, ezkerra izan ez arren, ezker pareta edo frontoietan arreta jarri zuelako, «eta istorioak lotzen dira».

Saiakeratxoa ez da, beraz, analisi zientifikoa, baina... ezkerraren definizioa ematera heltzen da? «Asko saiatu dira horretan, baina zaila da arau bat ematea». Teoriak ateratzen direnean, «gehiago balio dute eskuinentzat, patroi batzuk batez ere eskuinekin betetzen direlako, ez ezkerrekin. Eskuin gehienek, hemisferio dominantea ezkerra dute (alderantzizkoa izan ohi da), baina ezkerren kasuan ez da beti betetzen eskuina izatea. Eta ez dakite zergatik. Arauek ez dute balio ezkerrentzat».

Ezkerrak eskuin bihurtzeko joera ere izan da, eta «ez gaude hain ondo prestatuta bi eskuak erabiltzeko», Ubedaren ustez. «Ezker gehienek dute sekulako gaitasuna egokitzekoa, ze erremedio! Baina ezkerrak ezkerrera egiteko joera izango du beti». Jenialtasuna aipatuta, «ezkerrak diren bezala, eskuinak ere badira», esan digu tolosarrak: «Ez zaitu ezkerrak jenialtasunera eramango». Onartzen du baina, «egokitzen ez direnean, beti eta denetarako ezkerra erabili beharrak, eramaten ditu batzuetan jenialtasunera, sekulako imajinazioa behar duzulako zurera egokituta ez dagoen mundu bat zure egiteko».

«Jakina da erlijioek ezkerren aurka jo dutela»

Kirol batzuetan abantaila omen du ezkerrak.

Futbolaren kasuan egia da ezker alboan ezkerrez jotzen dutenak hobeak izango direla, baina asko futbolean dira ezkerrak eta idatzi, adibidez, eskuinarekin egiten dute. Tenisean ere, saiatu dira zientifikoki frogatzen, ezker-ezkerrak baduela abantaila neurologikoa. Burua, bista eta gorputz adarrak eskuin batek baino askoz errazago erreakzionatzen omen die horrelako kolpez kolpeko joko batean, boxeoan bezala. Eta egia da ezker pila dagoela tenislari bikainen artean. Baina ziklikoa izango da, akaso.

Deabrua ere ezkerra omen da. Ageri da zure liburuan?

Alde egin dut kontu horretatik, ez nuelako horrenbeste kexu eta salaketa egin nahi. Aski ezaguna da erlijio gehienek, salbuespenik gabe, zanpatu dituztela ezkerrak, sekulako obsesioz. Minoria kontua da. Minoriak du beti arazoa, berdin da ezkerra den, euskalduna den edo ezkerreko abertzalea den. Batzuetan motzak gara ezberdintasuna onartzeko. Eta erlijioak gainera dualismora jotzen du: ona eta txarra. Eta norbaiti tokatu behar zaio gaiztoa izatea.

Eta politikan. Ezkerrak ezkertiarra behar du izan?

Ez du batere zerikusirik. Barack Obama, esaterako, -Ameriketako Estatu Batuetako lehendakaria-, ezkertia da. Baina bere aurka lehiatu zena McCain ere ezkerra zen. Ezkerra da Hugo Chaves ere, baina Ronald Reagan ere bai... eta Bush (aita) eta... Clinton ere bai! Oraintxe gogoratu naiz.

Eskerrak ezkerrak eta ezkerrak dauden!

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo