GARA > Idatzia > > Kultura

EiTBren hedabide euskaldunak, digitalean Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak Bilboko EITBko egoitzan izan ziren aurreko astean lankidetza hitzarmen bat sinatzeko. Hitzarmenaren xedea EITBko hedabide euskaldunak Bidasoaz bestaldean era digitalean hedatzea da.

p059_f01_148x76.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Telebista analogikoaren eta digitalaren arteko aldaketa garai honetan behin-behineko egoera alegalean dauden hainbat hedabide egonkortu edo desagertu egingo dira. Hau da ETBren kasua Bidasoaren iparraldean, Estatu frantsesean 2011n emango den digitalizazioarenkin EiTBko euskarazko hedabideak Ipar Euskal Herrian zabaltzen jarraitu ahal izateko baldintzak atzeman behar dira.

Egoera horri konponbidea aurkitzeko Max Brisson EEPko presidenteak eta Juan Diego EITBko estrategia zuzendariak hitzarmena sinatu zuten. Itun honen bitartez bi erakundeak EITBko euskarazko hedabideak digitalean hedatu ahal izateko konpromisoa hartu dute. ETB-1 eta ETB-3 telebistak eta Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea irratiak dira akordio honetan sartuko liratekeenak. Gaztelaniazko hedabideentzat oraindik ez da irtenbiderik aurkitu.

EEPren zuzendaritza hedapena ahalbidetzeko Ikus-entzunezko Kontseilu Nagusiko ordezkariekin bildu zen. EEPko ordezkaritza bat Parisera joan zen apirilaren 20an, Max Brisson buru zuela. Han IKNko ordezkariek arazoa aztertzen hasiko zirela adierazi zuten. EEPtik nabarmendu nahi izan dute lehen pauso garrantzitsua emana izan dela eta orain erantzunaren zain daudela.

Heldu diren hilabeteetan IKNren biltzar orokorra izango da eta orduan EiTBren gaia jorratuko dela espero da. Ikus-entzunezkoen eremua Estatu frantsesean oso arautua dago eta IKN erakundeak kudeatzen ditu eremu honi buruzko gai guztiak.

Lakuako Gobernuko Kultura sailburu berri Blanca Urgell ere izan zen akordioaren sinatzean. Sailburuak eta Max Brissonek nabarmendu zuten ETBren hedapen digitala Ipar Euskal Herrian ziurtatu egin behar dela. Urgellek euskararen alde EEPrekin hasitako lankidetzarekin jarraitu behar dela nabarmendu zuen eta ekainaren 10ean Baionara joateko gomita onartu zuen.

Digitalizaziora bidean bestelako kezkak ere sortu dira Estatu frantsesean, izan ere, Pirinioetako hautetsiek Donibane Garazin ostiralean egin zuten bilkuran salatu zutenez, 2011n zenbait zonalde telebistarik gabe gelditzeko arriskua dago. Egun Estatuan dauden 3.500 errepikagailuetatik digitalizazioa 1.600etan bakarrik jartzea aurreikusten da. Bestalde, 2007ko martxoan ezarri zen araudian biztanleriaren %95engana heltzeko obligazioa bakarrik dago ezarria, ondorioz mendi inguruetako lurraldeei eragingo lieke telebista seinale ezak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo