GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Sasi demokrazia?

UMP ez da aldatu, Euskal Herriaren ukatzeko daraman politika ez da aldatu, Pariseri begirako interesak bermatuko ditu. Lehen indarra da Ipar Euskal Herrian klientelismoa erabiliz. Monopolioa hausteko abertzaletasunaren indartzea dagokigu. Horretarako abertzale bozkatu behar da ekainaren 7an

Azkenean, Julien Coupat askatu dute. Ezin zuten gehiago preso atxiki Karnakeko txostenak ez baitzuen trenbideetan egindako desmasiekin harremanik bazenik frogatzeko elementu sendorik. Zazpi hilabete preso MAMek publizitatea behar zuelako, frantses Gobernuko kide inportantea dela erakusteko. Erronka zen terrorismo txosten bat sortzea, etsai berri bat aurkeztea prentsaren aurrean; alegia, Barne ministroaren lanak herritarren segurtasuna bermatzen duela.

Dena gezurra. Prentsak horrelako emaitzak, alegia, frogarik gabe terrorismo delitua leporatuz, Polizia operazio erraldoi, beldurgarria horrek dimisioa merezi lukeela dio. Arriskurik ez zegoelarik, asmatu dute arrisku bat MAMen publizitaterako. Kasu honetan, Julien Coupat askatzea beste erremediorik ez dute izan, baina zenbat preso daude alegiazko delituengatik?

Horregatik bozak galduko ote ditu UMPk? Ez da segur, lehen ekintza mediatikoak efektua izan baitu, gaur egun biziki piztuak diren eskuin muturreko indarren artean, politika errepresiboak bultzatzen dituzten artean. MAMek ez du barkamenik eskatuko, horrelako petto batek ez dio garesti ateratzen, eta funtsean pettorik ez dela izan argudiatuko du, gizartearekiko kritikoak baitira atxilotu zituzten horiek. Pentsatzea ere delitu?

Bozen bila jarraitzen du gure ministroak. AHTaren aurka beste ekintza bat eraman du, trenbide zaharraren erabilpenaren alde jokatuz, beste bide baten proiektua baztertzeko agindua eman omen dute Ministeriotik. Ez da dudarik Ipar Euskal Herrian, AHTren kontrako iritzia nagusia dela eta elkarteak azkarrak eta determinatuak. Hauteskundeen bezperan bikain heldu den berria da hau, bereziki UMPk hirugarren diputatu bat lortu nahi duelarik. Orduan, noski, berri ona da, baina berri fidagarria al da autoritarismoz ederki jokatzen duen ministro baten eskutik?

Aste burua Ipar Euskal Herrian pasako du ministroak, berri onarekin heldu da bozen biltzeko. Baina hemen beste kezkarik badago. Erantzungo al du hemen egiten dizkiogun galderei? Erantzunik al du Ipar Euskal Herrian instituzioa eskatzen dutenentzat? Euskararen ofizialtasunari buruz, AHTari buruz erakusten duen nahikeria izanen al du, hain euskalzale agertzen zaigun Max Brissonen babesteko? Edo Brissonek diona soilik hemengo publiko bati buruz pentsatu den itxurakeria hutsa al da?

Eta zirrara sortzen duen gertakariaz, ba al daki Jon non dagoen? Haren berririk ez al du? Kudeatzen duen eremuan desagerketa politiko bat izan da, ez du komentariorik egiteko? Zer da hau? Politika egiteko desagerketak gertatzea normalitate politikoan sartzen al da?

UMP ez da aldatu, Euskal Herriaren ukatzeko daraman politika ez da aldatu, Pariseri begirako interesak bermatzen eta bermatuko ditu. Lehen indarra da Ipar Euskal Herrian klientelismoa erabiliz. Edozoin metodo egokitzat deritzo hemen nagusitasuna atxikitzeko. Monopolio honen hausteko abertzaletasunaren indartzea dagokigu. Horretarako abertzale bozkatu behar da ekainaren 7an, gure eskutik, gure izaitea bermatuz, indartuz eta hedatuz. Euskal Herria bat bakarra Europan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo