GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Nazabalek estualdirik gabe egin du finalerako bidea

Etxarrikoa jaun eta jabe izan zen Lopezen aurka jokatutako finalerdian.

p047_f01_38117.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezustekorik izan atzo Kuartangon jokatu zen Urrezko Aizkorako bigarren finalerdian, eta Floren Nazabalek lortu zuen finala jokatzeko txartela. Gauza nahiko parean joan zen iraupeneko probara arte, baina hor Etxarrikoak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen.

Kirolariek, hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Horren ostean, tamaina bereko enborrarekin erlojuaren kontra lehiatu behar izan zuten. Hirugarren lanean, 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda izan zituzten. Laugarrenean, 60 ontzakoarekin neurtu ziren. Azken-aurreko lanean kana-erdiko bat zutik izan zuten, eta amaitzeko bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako.

Kolpekako proban, berdinduta geratu ziren bi aizkolariak, bakoitzak 30ekin amaitu baitzuen. Erlojuaren kontrakoan lortu zuen txapeldunak lehen abantaila, 38 segundotan bota baitzuen 45 ontzakoa, eta seiren aldea kendu zion Lezaungoari. Hirugarrenean, berriro ere berdindu egin zuten, bi kirolariak minutu eta 38 segundotan amaitu baitzuten zutik eta etzanda zituzten bi 45 ontzakoak.

Laugarrenean, kana-erdikoa zutik aurrez aurre, eta berriro ere Nazabalek aldea kendu zion Lopezi. 1.28 izan zen Etxarrikoaren denbora eta 1.34 Lezaungoarena. 60 ontzakoarekin, berriro ere faboritoa nagusi. 2.18n amaitu zituen bere lanak, eta 2.56ko denbora egin zuen Lopezek.

Iraupen proba falta zen, baina ordurako erabaki beharreko guztia erabakita zegoen. Nazabal aldetxoarekin sartu zen aitzinetik, baina ia ezinezkoa ematen zuen Lopezek bera estutzea. Horrelaxe izan zen, Florenek, alde hori areagotu egin zuen. 9.30 izan zen bere denbora, eta 11.05 Lopezena. Guztira, eta lan guztiak burutzeko, Nazabalek 16 minutu eta 17 segundo behar izan zituen, eta Lopezek, berriz, 18 minutu eta 42 segundo. Beraz, finala datorren larunbatean jokatuko da Azpeitian, eta Nazabal eta Arrospide neurtuko dira.

23 urtetik beherakoen bigarren finalerdia ere jokatu zen Atutxaren eta Saralegiren artean, eta bizkaitarrak lortu zuen gailentzea. Maila honetan, Atutxa Erasunekin neurtuko da, baina final hau ez da larunbatean jokatuko, Erasunek 19 urtetik beherakoena ere jokatu beharko baitu, eta hau Saralegiren aurka izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo