Harri-jasotzea Marka saiakera
Izeta II.ak 105 jasoaldi eman dizkio 125eko kubikoari, ordu erdiko txandan
J.L. | DONOSTIA
Izeta II.ak marka galanta egin zuen. 125 kiloko harri kubikoarekin aritu zen lanean, ordu erdiko txanda bakar batean, eta guztira 105 jasoaldi eman zizkion Kuartangon egin zuen saioan.
Bero itzela egin zuen atzo, eta saioa barruan zenez, beroa are eta handiagoa izan zen. Halere, eta jadanik 42 urte izan arren, aiarrak sekulako erakustaldia eman zuen. Hasi eta bukatu, ia erritmo berean egin zituen lanak, eta hori eskertzekoa da, baldintzak ez baitziren onegiak.
Lan erdietan, lehen 15 minutuetan, alegia, 52 aldiz zuen berdindua harria, eta geratzen zen beste ordu laurdenean, beste 53 eman zizkion, amaieran 105 jasoalditan uzteko.
«Gustura geratu naiz. Bero ikaragarria zegoen, eta horrek gauzak zaildu egin dizkit, baina konforme geratu naiz egindakoarekin», aitortu zuen saioaren amaieran Izeta II.ak.
Txandaren bigarren zatian apur bat estutzeko asmoa ere bazuen, beste jasoaldiren bat edo beste egiteko, baina ezinezkoa izan zuen: «Amaiera aldera estutu nahi genuen, erritmoa bizkortu, baina egiten zuen beroarekin ezinezkoa zen, eta hor geratu da», adierazi zuen Izetak.
Marka handia egin du, eta ondu nahi duenari hor geratzen zaiola adierazi zuen Izetak: «Markak ontzeko egiten dira, eta uste dut nik ederra egin dudala. Hori hor geratzen da, eta nahi duenak hori hausteko aukera izango du, horretarako jartzen baitira», esan zuen. Izetak, orain udako erakustaldiei helduko die, hor lan asko izango baitu aurtengo udan ere.