Mendigorriko gaztetxoek, arropa birziklatuak soinean, natura zaintzeko eskatu dute
Atzo, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, moda desfile bitxia izan zen Mendigorrian: Julian Maria Espinal ikastetxeko modeloek birziklatutako materialekin egindako jantziak erakutsi zituzten pasarelan.GARA |
Ingurumenaren Eguna izan zen atzo mundu osoan eta aitzakia horrekin makina bat ekitaldi egin zituzten han eta hemen, herritarrei natura zaindu behar dela oroitarazteko. Izarbeibarreko Mankomunitateak urtero leku batean antolatzen du besta eta aurten Mendigorrin egin du. Arga ibaiak zeharkatzen duen herri horretan ekitaldi bitxia egin zuten jendearen kontzientzia astintzeko eta ingurumenari buruzko gogoeta egitera bultzatzeko: 73 neska-mutikok moda desfile ikusgarri batean parte hartu zuten, birziklatutako materialekin egindako jantziak soinean.
Ekitaldi arrakastatsuak
Mendi Moda izan zen eguneko ekintza nagusia, baina horren inguruan bertze hainbat jarduera ere izan zen. Oscar Rubio Mankomunitateko Ingurumen teknikariak agertu zuenez, orain arteko egitaraurik ederrena prestatu zuten natura zaintzea zeinen garrantzitsua den ohartarazteko. Aste osoan ere ekitaldi ugari izan zen eta antolatzaileak kontent zeuden lortutako parte-hartze eta emaitza arrakastatsuengatik.
Energia berriztagarrien gaineko erakusketa egin zuten, zozketa ere bai, munduko hainbat tokitan ur falta dela-eta zer-nolako arazoa dagoen eta nola aurre egiten zaion azaltzeko hitzaldia eta energiari buruzko antzerki obra, besteak beste. Patxi Aldunate, Alfredo Murillo eta Maria Jimenez artistek "Mendi-mundo-mundi (Mendigorriatik mundura)" izeneko ikuskizuna egin zuten Ruben eta Eneko Saralegi aizkolariekin eta Mendigorriko ikastetxeko ikasleekin batera, ingurumena errespetatu behar dela adierazteko. 70 ikaslek aizkolariek moztutako enborrak margotu zituzten eta gero cromlech bat osatu zuten. Aldunatek azaldu zuenez, gazteak ingurumena zaintzeak duen garrantziaz jabetzea eta eurek ere ideia hori helarazteko gai direla jakitea zuten helburu. Bertze egun batean, Garesen, Artaxoan, Monteagudon, Gaintzan eta Zangotzan grabatutako «La laya en Navarra» dokumentala eman zuten.
Atzoko bestak bukaera polita eman zien Izarbeibarreko ikastetxeek eta herritarrek ingurumena ardatz hartuta egin zituzten ekintza horiei guztiei. Ekitaldi bereziena Mendi Moda izeneko desfilea izan zen: ikasleek hondakin birziklatuekin diseinatutako jantzi ikusgarriak erakutsi zituzten udaletxeko plazako pasarelan. Julian Maria Espinal ikastetxe publikoko langileak, ikasleak eta gurasoak urrian hasi ziren materialak biltzen eta arropak egiten; eta bizilagunen laguntza izan zuten lan horretan.
Desfileaz gain, erraldoiak, bazkaria, txaranga eta puzgarriak ere izan ziren alaigarri. Goizean, artisauen azoka izan zen bigarren eskuko objektuekin. Denetarik egon zen: liburuak, diskoak, arropa... Emauseko traperoen autobusak ere bisita egin zien. Arratsaldean, kontzertu didaktikoa egin zuten Iñaki Plazak eta Ion Garmendiak, birziklatutako materialak erabilita horiek ere.
Ekitaldi andana egin zuten Izarbeibarren aste osoan: energia berriztagarrien gaineko erakusketa, zozketa, ura dela-eta dauden arazoak azaltzeko hitzaldia, Patxi Aldunateren ikuskizuna...
Patxi Aldunate artistak adierazi zuenez, gazteak natura zaintzeak duen garrantziaz jabetzea eta beraiek ere ingurukoei ideia hori helarazteko gai direla jakitea zuten helburu. Ekintza anitz gazteentzat prestatu zituzten bereziki.