Europar Parlamenturako hauteskundeak
«II-HE ezker espainolaren sigla da; guk Europan ezker abertzalea defendatuko dugu»
Iñaki Irazabalbeitia
Aralarreko hautagaia
ERC, BNG, Los Verdes, EA eta Chunta Aragonesistarekin batera, Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioa osatu du Aralarrek, eta Irazabalbeitia hirugarrena da zerrenda horretan. Aralarren ordezkariaren esanetan, «Estrasburgon ezker abertzalearen interesak, eta ezkerreko abertzaleen interesak defendatuko dituen bakarra» izango da.
Oihana LLORENTE | DONOSTIA
Estatuko indar independentista abertzale eta ezkertiarrak biltzea eta Estatuko gainerako indarrekin elkarlana bultzatzea garrantzitsua deritzon arren, Irazabalbeitiak II-HEren zerrenda «espainola» dela esan, eta Euskal Herriaren interesak «nekez» defendatuko dituela adierazi du, Europan egongo diren ordezkariak euskaldunak izango ez direlako. Bera hirugarrena da zerrendan eta lehen euskalduna, CIS-eko inkestek eurodiputatu bakarra ematen diote.
2007. urteko udal hauteskundeetan EBrekin batera aurkeztu zineten, orain aldiz, EArekin osatu duzue Independentistak eta Ezkertiarrak koalizioa.
Elkarlanerako joera hori Aralarren baitan dago, beharrezkoa ikusten baitugu batetik ezkerreko indarren arteko eta bestetik abertzaleon arteko elkarlana. Batzuetan batzuekin egokitzen da, esaterako, Nafarroan Nafarroa Bai koalizioa bultzatu dugu, oso eskuzabal jokatuta gainera, Aralar Nafarroako indar abertzale handiena baita. Udal hauteskundeetan, aldiz, EBrekin joan ginen, Udal zein Batzar Nagusien esparruan ezkerreko politikak pisu handia du-eta. Beste maila bateko hauteskundeetan akaso nazio izaerak edo abertzaletasunak pisu handiagoa du, Madrilera edo Estrasburgora begirakoak kasu. Guk, gugatik balitz, Quebec-eko eredua jarraituko genuke; alegia, Quebec-etik kanpoko hauteskundeetan indar abertzaleak elkarrekin parte hartzea eta Quebec barnekoetan lehia politikoa sortzea indarren artean.
Zer iritzi duzu Iniziatiba Internazionalistaz?
Poztu egiten nau herritar guztiek gogoko duten koalizio eta pertsonei boza emateko aukera izatea. Poztu egiten nau, halaber, Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren erabakia atzera bota izana, ez dakit momentuko erabakia den edo tendentzia aldaketa bat dakarren, bere betebeharra herritarron eskubide zibil, politikoak eta giza eskubideak bermatu eta errespeta daitezen zaintzea da-eta. Hori oso garbi daukat. Baina, aldi berean, garbi dut Iniziatiba ezkerreko zerrenda dela baina ez abertzalea. Zerrenda espainola da, ezker espainolaren zerrenda. Eta gainera, zenbaitek zerrenda horrek Euskal Herriaren interesak defendatuko dituela uste arren, nik benetan nekeza ikusten dut hori. Esaterako, euskararen defentsa, euskara eta euskal kultura ezagutzen ez duten pertsonek ezin dute defendatu, «castellanoak» izango dira Europan. Aralarren ordezkaria izango da Estrasburgon ezker abertzalearen interesak eta ezkerreko euskal herritar abertzaleen interesak defendatuko dituen bakarra eta defenditzeko aukera izango duen bakarra.
Europarlamentari ikusten duzu zure burua?
Lehenengo europarlamentaria ziurtatu daukagu, eta, CISen inkesten arabera, bigarrena ere ez da urruti izango. Koalizioa osatzen dugun lau indar nagusien artean gainera, banatuta dugu ia europarlamentari hori nola banatuko dugun indar desberdinen artean, eta, beraz, Aralarrek tarte batez izango du europarlamentaria Estrasburgon. Hala ere, bost urtez pertsona bat izango du lanean eurodipuatuen laguntzaile gisa. Horixe izango da Euskal Herrian bere burua abertzale eta ezkertiartzat dutenen ordezkaria Europan. Horiek horrela, ezkerreko abertzale bat Europan ordezkari izango duen koalizioa da gurea.
Martxoko hauteskunde autonomikoetan inoizko emaitza onenak lortu zenituzten, oraingoetan joera bera izango dela uste duzue?
Ez dira neurri bereko hauteskundeak eta aurkezten den eskaintza ere ez da bera; Europa gainera, herritarrei oso urrun gelditzen zaienez, abstentzioa ere handia izango da. Boto kopuruan inork ezingo du neurtu aurreko hauteskundeekin, portzentajeen neurtzea izango da gakoa, baina inolaz ere boto kopuruetan. Gainera, guk uste dugu une honetan Aralarrek ordezkatzen duen ezker abertza- leak, soilik bide zibil eta politikoen alde lan egiten duenak, baduela pisu nabarmena euskal gizartean, eta gero eta gehiago di- rela Aralarren dikurtsoarekin bat egiten duten ezkerreko abertzaleak. Hori izango da etorkizunean, ezker abertzale osoa bat denean berriz ere, indarrean egongo den diskurtsoa, beste bat ez delako posible.
Komunikabideek Aralar aurkeztu dute «ezker abertzaleko» alderdi gisa. Porrota litzateke Iniziatiba Internazionalistak zuen koalizioak baino boz gehiago eskuratzea?
Guk ez dugu politika fikziorik egiten, ez dakigu zer gertatu- ko den. Balorazioa eta anali- siak hauteskundeak igarota egingo ditugu. Zientzia fikzioa gus- tatzen zait, baina politika fik- zioa ez.
Alderdi abertzale guztiak Europak euskal gatazkaren konponbidean duen papera goraipatzen ari zarete. Zer-nolakoa izan beharko litzateke?
Aralarren garbi dugun gauza bat da hori, eta 2002an normalizazio politikorako proposamena egin genuenean, euskal gatazkaren konponbidean, eta bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean, Europako erakundeek nolabait parte hartu behar dutela esaten genuen bertan. Guk Europaren parte hartzea bitartekari, baketzaile eta berme emaile bezala ikusten dugu. Munduko beste edozein gatazketan beti egoten da kanpoko agente bat bermatzaile edo laguntzaile gisa. Europako erakundeek paper hori jokatu behar dute.
EA polo soberanistaren alde agertu da, zuek kontra... ho- rrek ez du koalizioan tirabirarik sortu?
Koalizioa programa zehatz baten inguruan osatuta dago. Polo soberanista Euskal Herriari dagokion gai bat da, Europari be- gira egindako planteamenduetan koalizioko partiduetan ez dago desadostasunik. Ez ditugu nahastu behar bertako eta gure arteko arazoak, Europako ara- zoekin.