GARA > Idatzia > > Euskal Herria

AHT linea berriaren geroratzearekin pozik da CADE, baina «erne» segituko du

p016_f02_139x100.jpg

A.M. |

«Herritarren eta elkarteen mobilizazio itzelari esker lortu da lehen emaitza hau», adierazi du CADEk, ingurumenaren defentsan ari diren elkarteen kolektiboak, RFFrekin batera, Michele Alliot-Marie Barne ministroak eta Garraio ministroak, AHTren linea berriaren azterketak atzeratzea erabaki ostean.

Egun Baiona iparraldetik Bidasoaraino dagoen trenbidea gainez egiteraino erabiliko dela eta gerora irtenbide alternatiboak -lurperatzea besteak beste- planteatuko direla iragarri du MAMek duela egun batzuk.

CADE pozik agertu da AHTren lineak Ipar Euskal Herria zeharkatuko ez duelako, eta «Landetan, Gironden eta Hego Euskal Herrian proiektuaren aurka borrokan ari direnak sostengatzen» jarraituko duela gaineratu du.

Merkantzien gainbehera

CADEren ustez, trenbide berriaren egitasmoa gelditzeko erabakian zerikusi handia du merkantzien garraioak izandako gainbeherak, eta uste du egungo trenbidea premiei erantzuteko gauza ez izatera iristerako urte asko igaroko direla. Halere, ez daude ados lurperatzearekin eta merkantzien trenbide berria barnealderago eramatearekin.

Lehen emaitza honekin ez asebetetzeko ohartarazi du bestalde, «arriskua aitzineko atetik bultzatzen delarik, atzekotik sar daitekeela erakutsi baitigu esperientziak». Hala, datorren igandean Lahuntzen, Hiriburun eta Milafrangan izango diren erreferendumetan parte hartzeko deia egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo