GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Euskal Herriko jaietarako errepresioa iragarri dute, Ipar Irlandako martxa orangisten aitzakia berarekin

Gasteizko Gobernuko arduradunek adierazi dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako jaietan Ertzaintzak «ETAren aldeko sinboloak» kenduko ditu. Besteak beste, joan den igandean Galdakaon, Ibilaldian, egin zuen bezala. «ETAren sinbologia», ordea, Ertzaintzak erabakitzen duena da; esate baterako, arrano beltza edota euskal preso politikoen argazkiak. Jokabide horrek biktimekiko konpromisoan omen du oinarri, biktima batzuekiko konpromisoan, alegia. Eta delako konpromiso horrek adierazpen askatasuna eta beste eskubide batzuk zapaltzeko balio du. Euskal preso politikoen eta haien senideen eskubideak etengabe urratzen dituztela salatzea ere kriminalizazio gai bihurtu nahi dute. Hartara, Euskal Herriko udak Ipar Irlandako iraganeko uda istilutsuak dakartza gogora. Martxa orangistek ere biktimen eskubideak zituzten aitzakia, eta negoziazio prozesuaren garaian, irtenbidea oztopatzen saiatzeko erabili zituzten. Exijentzia irreala zen, baina konponbide arrazional baten beldur zirenak hari eutsi zioten. Hemen ere saiatzen ari dira ahalik eta oztopo gehien jartzen, areago irtenbide demokratikoaren aldeko ahots sendoak entzuten direnean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo