Mozioez harago, Getxoko haurrekin izango dira Pirritx eta Porrotx
Getxoko Udalak Pirritx eta Porrotxekin hitzartutako kontratuaren kontrako mozioa onartu zuen joan den ostiralean, PPren eta PSEren botoei esker. Kontratua eteteko azken hitza Kultura zinegotziaren esku dago, baina pailazoek beren asmoak berretsi dituzte. Getxon aurreikusita zituzten lau emanaldiak egin egingo dituztela baieztatu zuten, oztopo guztien gainetik, modu alai eta atseginean, beti egin ohi duten bezala.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
«Urtero bezala, Getxora joango gara; oraingoan, pirataz jantzita, altxor baten bila; denon ezpainetan dugun altxor horren bila, aldi berean, muxua eta euskara dena», iragarri zuen Joxe Mari Agirretxek (Porrotx), «eta hori da PPk nahi ez duena». Emanaldi hau ekiditeko asmoz, joan den ostiralean Getxoko Udaleko Osoko Bilkurak pailazoekin duten kontratuaren aurkako mozioa onartu zuen, PPk bultzatuta eta PSEren babesari esker. Koldo Iturbe Kultura zinegotziaren erabakiaren zain, «aurrera jarraituko» dutela berretsi zuen Agirretxek, gauzak bere garaian aztertuta. Hala ere ez du zalantzan jarri Bihotz Alai plaza aurten ere jendez beteko dutela. «Oraingoz beste aukerarik ez zaigu burutik pasatu, Getxo beti portatu da ondo gurekin, bai herria, bai Udala».
Pailazoek argi dute zein jarrera izan behar duten horrelako erasoen aurrean; lanean jarraitu eta antzokiak alaitasunez betetzen jarraitu. «Aurreko urteetan ere gu kontratatzearen aurka agertu dira, baina gu urtero joaten gara Getxora eta milaka haur eta guraso biltzen ditugu. Aurreko urteetan zazpi emanaldi egitera iritsi izan gara eta denak betetzen ziren». Hori dela eta, aurten ere sekulako festa egitera deitu du Agirretxek.
PPk agertu duen jarrera, pailazoaren aburuz, beren lanaren garrantzia baloratzen dutelako da. «Euskara eta alaitasuna lantzen hasi ginen. Denboraren poderioz haurrak eta gurasoak ditugu aurrean. Jendeak gure lana aintzat hartzen du». Hori dela eta, egun hauetan bizitako egoerak aurreko urteetan bizitakoaren antza duela dio pailazoak. Baina ez du harritu, haren ustez, PPko «eledun hauek ezjakintasunetik hitz egiten dutelako». Euren lanak kritika asko jaso dituen arren, kritikatzen dituztenek ez dituztela ezagutzen uste du.
Aitzakiak
Getxoko Udalean gertatutakoaren ildotik, Estatu mailako hedabideengandik jaso duten tratua baloratu zuen Agirretxek. Gaur egun erabiltzen duten «aitzakia» dispertsioa salatzeko egin duten bideoa da. «Baina haurrak kartzeletan sakabanatuta daudela eta milaka kilometro egiten dituztela errealitate bat da, gai sozial bat, horregatik egin genuen. Gustura egin genuen eta berriro egingo genuke». Jasotako tratuari dagokionez, denetik entzun dutela nabarmendu du Joxe Mari Agirretxek. «Epaitegietara jotzeko moduko irainak ere jaso ditugu», esan zuen.
Bestalde, PPk zabaldutako albisteen atzean jendea nahastu nahia dagoela salatu zuen. Aurreko ostiralean, agentzien bidez zabaldutako prentsa oharrean pailazoen emanaldiak bertan behera gelditu zirela esan zuten. Udalak onartutako mozioak ez du esan nahi, ordea, ikuskizuna egin ezingo denik, Kultura zinegotziaren esku baitago erabakia. «Botere bila ari dira, eta gu azkenean aitzakia bat baino ez gara, panpin baten moduan sentitzen gara». Hori dela eta, bertsio hori giroa pozoitzeko asmoz zabaldu zela esan du. Eztabaida sortzeko intentzioaren aurrean, amua ez dutela irentsiko esan dute pailazoek eta ez direla joko horretan eroriko. Hala ere, horrelako erasoek nekea ere eragiten dietela onartu du Porrotxek. Euren denbora, gehienbat, proiektuak bultzatzen xahutu nahi dutela esan zuen.
Etorkizunari begira
Euskal Herriko gizarteak itzultzen dien erantzunak neke horri aurre egiteko indarra ematen diela esan zuen Agirretxek. Indar hau baliatuz buruan dituzten ideiak gauzatzen jarraituko dutela esan zuen. «Hamaika proiektu ditugu eta lanean jarraituko dugu, askotan falta zaigun gauza bakarra denbora da». Iragarri zuenez, hurrengo udazkenean disko berri bat aurkeztuko dute. «Beti bezala, balio aurrerakoietan oinarrituta egongo da lan hau; Euskal Herriaz hitz egiten dugu, euskaraz egiten dugu, etorkinei buruz, ekologia, gaixotasunak, familia ereduei buruz hitz egiten dugu». Hori dela eta, udaberriko emanaldiak amaitu ostean, atsedenaldi bat hartuko dute, uztailean abestiak bukatzeko eta lan berria grabatu ahal izateko. Bitartean, emanaldiekin jarraitu ahal izatea espero dute, Getxokoak barne. Han aurreikusita dauden lau ikuskizunak ekainaren 16 eta 17an izango dira, egunean bi -17.00etan eta 19.30ean- Bihotz Alai plazan jarriko den karpa batean. «Gure erantzuna sekulako festa egitea izango da».
Urtero legez, eta oztopoak oztopo, Getxoko Bihotz Alai plazan festa egitekoak dira Pirritx eta Porrotx. Hitzordua behintzat, ekainaren 16 eta 17an, -saio bikoitzetan, 17.00etan eta 19.30ean- egina dute bertako ume eta gaztetxoekin. Eta atzo, iluntzeko saioetarako sarrera dezente gelditzen ziren arren (guztiak 5 eurotan), bazkalostekoetakoak agortzear zeuden, BBK-ko atarian ikusi ahal izan genuenez.
Sarrerak salgai eta martxa onean dira beraz, nahiz eta atzo Udaletik ekitaldia hitzartu bezala egingo den guztiz ziurtatu ez. EAJ-k du alkatetza Getxon eta Koldo Iturbe da bertako Kultura zinegotzi. PP, PSEren babesarekin, jaialdia bertan behera uzteko eginahaletan ari den arren, Iturbe ekitaldia mantentzearen aldekoa zela-eta, bere aurka ere jo zuten PPko zinegotziek, eta mozioa irabazi. Atzo eguerdian, Pirritx eta Porrotx, urtero legez, Getxon izango direla adierazi zuten Getxo Kulturako ordezkariek, eta oraindik behin betiko erabakirik ez dela hartu adierazi zuten arratsaldez. Oraingoz, ez da jakitera eman azken erabakia noiz jakinaraziko den.