Kuba eta AEBen arteko harremanak normaltzeko aurrerapauso berria
AEBekin immigrazioari eta zuzeneko posta-loturak izateko beharrari buruz mintzatzeko prest dagoela azaldu du Kubak. Elkarri bizkarra emanez bizi izan dira bi herrialdeak eta hau aurrerapausoa izan daiteke. Bihar Hondurasen hasiko den AEEren goi-bileraren interesa hazi da.
GARA |
AEBekin immigrazioa eta posta zuzenean jasotzeko akordioa lortzeko elkarrizketak martxan jartzea onartu du Kubak; bi herrialdeen arteko harremanak normaltzeko bidean hartutako erabakia inondik ere. Habanaren erabakia Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) egingo duen goi-bileraren atarian plazaratu da. Kubaren egoera bilera horretan eztabaidatuko den gai nagusietako bat izango da.
Kubako interesen aldeko Wa-shingtongo bulegoko buru Jorge Bolañosek «Kubak immigrazioari buruzko elkarrizketa berritzeko nahia eta posta zuzenean bidali ahal izateko negoziazioa hasteko desioa» adierazten duen dokumentua igorri zien AEBetako agintariei larunbatean, igandean Washingtongo Estatu Departamenduko iturriek azaldu zutenez. Dena den, bi Estatuek oraindik elkarrizketa hauek noiz eta non egingo dituzten finkatu behar dute, 2003an eten zen negoziazioa berrabiarazteko.
Immigrazioaren gaiak berebiziko garrantzia du, milaka kubatarrek AEBetara jotzen baitute urtero. Washingtonek maiatzean gai honen gaineko elkarrizketei berriro ekiteko proposamena egin zion Habanari. Gauza bera egin zuen posta zuzenean jasotzeko aukeraren inguruan. Azken hamarkadetan, herrialde batetik bestera bidaltzen den postak hirugarren batetik pasa behar zuen.
Nortasuna ezkutuan gorde nahi izan zuen Washingtongo agintari batek esan zuenez, kubatarrek elkarrizketa molde berriak aztertzea begi onez ikusi zuten. «Drogaren aurkako borroka, terrorismoaren aurkako borroka eta hondamendi naturalei aurre egiteko prestakuntza» ziren Kubak jorratu nahi zituen gaiak.
Barack Obama Etxe Zurira heldu zenean Kubara bidaiatzeko eta dirua igortzeko trabak kendu zizkien jatorri kubatarra zutenei, urtetan jorraturiko politikari buelta emanez. Dena den, Kubak pairatzen duen blokeo ekonomikoa indargabetzea ez dirudi epe motzera gertatuko denik.
AEBek begi onez ikusi dute Kubak elkarrizketari berriro ekiteko azaldu duen asmoa, igandean Estatu idazkari Hillary Clintonek esan zuenez.
«Asko poztu gaitu Kuba immigrazioari eta balizko posta-lotura zuzenen gainean hitz egiteko prest agertzeak», aitortu zien Clintonek hedabideei.
Kuba eta AEBen arteko harremanen hobetzeak bihar Hondurasen AEEko 35 kideek hasiko duten gailurraren garrantzia indartu du. Kuba erakunde honetara bueltatzea izango da aztertuko den gaietako bat. Hillary Clinton San Pedro Sulako bileretan egongo da, egitarauaren arabera.
Duela 47 urte kanporatu zuten Kuba AEEtik, eta berriro kide izango den ala ez erabakiko da bihar eta etzi San Pedro Sulan egingo den goi-bileran. Hondurasek eta Nikaraguak «marxista-leninista izateagatik» 1962an izan zen kaleratzea indargabetu nahi dute.