GARA > Idatzia > > Ekonomia

BBK-k bulegoak irekiko ditu Gipuzkoan, «erreferentziazko kutxa» izateko xedearekin

BBK-k ehunka bulego ditu Euskal Herrian, bai eta beste hainbat herrialdetan ere, baina Gipuzkoan ez du egoitzarik. Zarautzen eta Eibarren irekiko ditu lehenak, «erreferentzia» izan nahi duelako.

GARA |

BBK-ko administrazio kontseiluak Gipuzkoan bulegoak irekitzeko erabaki du, atzo prentsa ohar baten bidez hedabideei jakinarazi zienez. Ildo honetan, Bizkaiko finantza entitateak Eibarren eta Zarautzen irekiko ditu lehen egoitzak herrialde honetan. Bi bulego horiekin, BBK-k 249 bulego izango ditu Hego Euskal Herrian: 240 Bizkaian, 3 Araban, 4 Nafarroan eta 2 Gipuzkoan.

Igorritako idazkian azaltzen duenez, krisiak finantza alorreko negozioari eragin dio eta BBK-k zabaldu nahiko lukeen hainbat lekutan hipoteka maileguei lotutako negozioak beherakada nabarmena izan du, eta hori dela-eta da Gipuzkoa, enpresa bizkaitarraren iritziko, «hazteko potentziala duen merkatua».

Beren aburuz, Gipuzkoa «kultura eta gizarte mailan ukaezinezko gertutasuna duen herrialdea da, eta Bizkaiaren -BBK-ren sorleku eta entitate hau erreferentzia nagusi den herrialdea- antzeko finantza-ohiturak dituena». Izan ere, BBK-k nabarmentzen duenez, Gipuzkoan «aurrezteko kultura oso garatua izatea da Gipuzkoaren ezaugarrietako bat, eta, gainera, biztanleko errenta maila handia du».

Horiek hala, BBK-ko arduradunek uste dute erabaki honekin «Euskadiko erreferentziazko kutxa izateko bidean pauso berri bat» eman dutela. «BBK-k bezeroei zuzenduta dagoen finantza-entitate eredu bat eramango du Gipuzkoara, negozio eredu bat, zeinak pertsonei eta enpresei, bereziki enpresa ertain eta txikiei, arreta espezializatua eskainiko dien».

Aldaketa BBKn

BBKren erabakia, Bizkaiko entitateak eta Kutxak bat egiteko aukera zapuztu eta hilabete batzuetara heldu da; BBK-ren zuzendaritzan Mario Fernandez abokatuak Xabier de Iralaren lekua hartuko duela jakin zenetik hiru astera. Datorren hilabetean BBK-ko presidente izendatuko duten abokatu bilbotarrak, behin baino gehiagotan adierazi du etorkizunean eman litekeen fusioan pentsatzen ibili baino, BBK-k bere posizioa indartu behar duela orain, eta norabide hori izan dezake Gipuzkoan bi bulego irekitzeko asmoak.

Ildo honetan, duela egun gutxi «Estrategia Empresarial» aldizkariari emandako elkarrizketa batean, Fernandezek kutxen arteko bat egitea jorratzeko garai aproposa heldu den urteko uda izan litekeela aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo