Seaskaren urtetako lanaren aintzatespena onartuko duen hitzarmena sinatuko dute
Ipar Euskal Herriko Seaska Ikastolen Federazioak Hezkuntza Ministerioarekin adostutako hitzarmena onartzea erabaki zuen joan den ostiralean Ikastolen Kontseiluak. Eredu euskaldunaren ezagutza, irakasleen lanpostuen finantzaketa eta Hezkuntza Ministerioak kudeatzen dituen azterketen euskalduntzearen aurreikuspena adosten dituen hitzarmena ekainaren 12an sinatuko da Baionan, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin.
Idoia ERASO |
«Poztekoa da, murgiltze eredua onartzen dutela erakusten du hitzarmenak. Horrez gain, idatzi bat ere badugu Seaskak egiten duen lanaren berri ematen duena guk egiten dugun bezala onartzen dutela adierazten duena», azaldu zuen Seaskako presidente Paxkal Indok.
Onarpena garrantzitsua izanik ere, bestelako baliabideak ere eskaintzen dizkie ikastolei hitzarmen honek. Alde batetik, beste hamaika lanpostu finantzatuko ditu Estatuak hurrengo hiru urteetan; bost hurrengo urtean eta hiru urteko beste bi ikasturteetan. Aldi berean, Bigarren Hezkuntzako ikasleen zenbaketa-sistema adostuak sarrera ekonomikoak ere handituko ditu. Alde onekin batera, hitzarmena hiru urtetarako bakarrik sinatua izan dela nabarmendu behar da.
Bidean gelditutakoak
«Lortutakoarekin kontent bagara ere, ondorenekoetan dugu burua jadanik», esan zuen Indok. Hasierako helburuetan agertzen ziren eta «bidean gelditu diren» lau puntu nabarmendu zituen Seaskako presidenteak. Bi urtetako haurrak eskolatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten, nahiz eta Estatuak ez dituen kontuan hartzen.
Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egin ahal izateko borrokatuko direla iragarri zuen Indok, aurten ez dela posible izango eta seguru aski hurrengoan ere ez.
Baliabide ekonomikoak urriak dira oraindik ere, izan ere, ikastolen milioi eta erdiko aurrekontuaren erdia gurasoek egindako ekarpena baita. Azkenik, euskararen ofizialtasuna Ipar Euskal Herrian ez dela lortu eman zuen aditzera Indok eta Euskal Konfederazioak urriaren 24an antolatu duen manifestaziorako deialdia egin zuen.
Hitzarmena urtetako gatazken ondoren heldu da. Iaz EEPren laguntzarekin hitzarmen bat adostu bazuten ere, Ministerioak atzera egin zuen, eta hitzarmen berri hau maiatzaren 5ean finkatu zen Parisen.
Seaskaren 40 urteak ospatzeko, Kanbon hilaren 14ko bestan parte hartuko duen Porrotxek Ipar Euskal Herriko ikastolak zoriondu zituen atzo. Euskal Herria «koloretsua eta ez zuri-beltza» bilakatzeagatik. Hizkuntza eta kultura anitz dituen gizartearen alde agertu zen pailazoa.
Hezkuntza Ministerioak eta Seaskak sinatu duten hitzarmenaren aitzinsolasean 1969. urtean sortu zen lehen ikastolatik eratu den federazioaren egituraren aintzatespena dago sinatua. Ibilbide pedagogiko guztian zehar ikasle elebidun orekatuak –bai euskaraz, baita frantsesez komunikatzeko gai diren gazteak– prestatzeko gaitasuna aitortzen zaio ikastolen federazioari. Horrekin, testuinguru soziolinguistikoan Seaskak duen antolaketa baieztatzen du hitzarmenak:
1. artikulua:
Hitzarmenaren xedea zehazten du. Euskararen Erakunde Publikoarekin adostuta, hitzarmenaren iraunaldian Hezkuntza Ministerioak onetsitako urteko dotazioak finkatzea eta Seaska federazioak proposatutako irakaskuntza eskaintzaren lurralde mailako hedadura arauak adostea du helburu sinatuko den hitzarmenak. Azkenik, frantsesezko eta euskarazko gaitasunen ebaluazio prozedurak aurreikusten ditu.
2. artikulua:
Hiru ikasturterako iraupena izanen du hitzarmenak, 2009-2010 ikasturtetik 2011-2012 ikasturtera.
3. artikulua:
Lehen Hezkuntzarako onetsitako lanpostu baliabideak ezartzen dira bertan. Lehen ikasturtean bost lanpostu eta beste bi ikasturteetan hiru lanpostu urteko.
4. artikulua:
Bigarren Hezkuntzako ordu kopuruak finkatzeko metodoa ezartzen da bertan. Urtero hurrengo ikasturterako kopuru aurreikusiak finkatuko ditu Seaskak Bordeleko Akademiarekin eta EEPrekin elkarlanean.
5. artikulua:
Irakaskuntza eskaintzaren lurralde mailako hedadura finkatzen du artikuluak. Seaska federazioko ikastolen sareak dituen hizkuntza helburuek EEPk onetsi hizkuntz politikaren egitasmoarekin bat egiten duelarik, Estatuari kontratu baten bidez zerbitzu eskaintza gehigarria ematen diola onartzen da. Hizkuntza transmisioa bermatzeaz gain, hainbat eremutan behar diren profesionalen prestakuntzan parte hartzen du. Irakaskuntza arauei erantzuten dien eskolatzeko xedea duten Euskal Herriko familien zerbitzua izan nahi du. Zentro berrien irekierarako, egitasmoaren deskribapen txosten bat helaraziko die Seaskak Akademiako agintariei.
6. artikulua:
Frantsesezko eta euskarazko gaitasunen ebaluazioa. Seaskaren pedagogia egitasmoa euskararen eta frantsesaren ikasketa prozesuetan oinarritzen da, eta, beraz, ikasketa mailaren jarduera pedagogikoa aldizka ebaluatzea derrigorrezkoa da. Kari horretara Hezkuntza Ministerioak eta Seaskak ebaluazio tresna bat ezartzea adosten dute. Lehen Hezkuntzako hirugarren eta bosgarren urteetan.
7. artikulua:
Azterketa prozedurak aipatzen dira. Kolegio eta lizeoetako irakaskuntza sendotze aldera, Brebeta eta Baxoa euskaraz egiteko aukera onartzen da.
8. artikulua:
Hiru ikasturte bukaeretan hitzarmenaren erabileraren ebaluazioa eginen dute Paueko Ikuskaritzak, EEPk eta Seaskak. Besteak beste, irakaskuntza egitura ezberdinetako ikasle kopuruen bilakaera aztertuko da. 2010ko ebaluazioan hitzarmena eraberritu ala ez erabakiko dute. Hitzarmenaren erabileran sor daitezkeen arazoak Paueko Administrazio Auzitegian tratatuko dira.
Seaskaren 40. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dira. Ekainaren 14an Haurren Eguna izango da Kanbon. Pirritx eta Porrotx, Niko Etxart, Txan magoa, Haurrock eta Zezenaren taldea izango dira egun osoko bestan.
Pilota desafioa ere antolatu du Seaskak ekainaren 27rako. Baionako Moderne trinketean Xala eta Martinez de Irujo Ibarrola eta Ozafrainen kontra lehiatuko dira. Frontoiko txapeldunak trinketeko txapeldunen kontra arituko dira.
Bestalde, ikastolek ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Baionako Oihana ikastolak, ekainaren 20an, hiriko Polo auzokoak 13an, eta Urruñakoak ostiralean, herriko kiroldegian.I. E.