Lonnie Brooksek irekiko du ostiralean Getxoko XXI. Nazioarteko Blues Jaialdia
A. B. | GETXO
Ekainaren 12tik 14ra, hau da, datorren ostiraletik igandera ospatuko da Getxoko XXI. Nazioarteko Blues Jaialdia, Erromoko Santa Eugenia plazan eta doan. Bertan, Euskal Herriko Mike Hammer & The Taxi Drivers edo Belceblues taldeekin batera, Lonnie Mars, Henry Buttler, Kenny Neal, E. C. Scott eta Koko Taylorren bandak joko dute -azken honek makalaldia izan eta Getxora hurbiltzerik izango ez duen arren-. Egia esan, Koko Taylor genuen jaialdiko izar nagusia, baina nahiz eta orain gutxi lan berri bat argitaratu eta bere parte-hartzea iragarrita egon, gaixotasun batek jota dago azken urteetan emakumea.
Kontuak kontu, 1989an hondartzan abiatu, Erromotik Portu Zaharrera pasa eta azken urteotan Erromora bueltatu, izango da zer gozatu Santa Eugenia plazan.
Datorren ostiralean, jaialdiaren lehen egunean, eta Belceblues gipuzkoarren txandaren ostean -«Infer» estreinako lana aurkezten-, Lonnie Brooks (1933, Louisiana) trebearen jarduna izango da. Gitarra-jotzaileak lau hamarkada daramatza jo eta su eta voodoo blues joeraren adierazle nagusienetarikoa dugu. «Blues Brothers» pelikulan agertu zen Brooksek boskotean joko du Getxon.
Larunbatean ere etxeko talde baten partaidetzak irekiko du iluntze musikatua. Mike Hammer & The Taxi Drivers laukote bizkaitarra 2004an sortu eta orain gutxi Gary Mooreren kontzertua ireki zuten.
Horren ostean, estilo anitzeko artisten elkarketa izango da. Batetik, E.C. Scott abeslaria eta eskarmentu handiko Henry Butler piano jotzailea, Kenny neal gitarra jotzailearekin batera. Eta bestetik, aurreko guztiei babesa eman eta soinua indartzeko, Koko Taylor abeslari ezagunaren banda.
Ordu bat lehenago
Igandean talde bakarrak itxiko du aurtengo jarduna, ohi baino ordu bat lehenago. Harmonika-jotzaileak bera, Johnny Marsek, denbora darama bere aho soinuari erregistro berriak aurkitu nahian, eta bluesean ezohiko estiloa lortu du. Hori guztia gainera, duen ahots izugarriarekin eta karisma handiarekin lotzen du, plazagizon aparta baita.
Ostirala: Belceblues + Lonnie Brooks Band.
Larunbata: Mike Hammer & The Taxi Drivers + Henry Butler & Kenny Neal & E. C. Scott and The Koko Taylor´s Band.
Igandea: Johnny Mars Blues Band.
Lekua: Erromoko Sta Eugenia plaza (Getxo). Ordua: 21.30ean. Igandean 20.30ean. Sarrera: Doan.