GARA > Idatzia > > Kultura

Harri Xuri izeneko kultura sorkuntza gune berria jarri dute abian Luhoson

Petit Théâtre de Pain taldea da Luhosoko kultur-sorkuntza aretoaren kudeatzaile berria. Harri Xuri izeneko gunean artisten egonaldiak izango dira nagusi. Proiektuari ongietorria emateko astebeteko jaialdia eginen da.

p042_f01_148x92.jpg

Ainize BUTRON |

Petit Théâtre de Pain, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra eta Kilikolo Zirko taldea izango dira Kanbo, Zuraide, Ezpeleta, Itsasu eta Luhosoko herri elkargoak abiatu Harri Xuria kultur proiektuaren kudeatzaileak.

«Gure xedea Luhosoko ikusgarri gela Ipar Euskal Herriko kultur gune garrantzitsuenen artean kokatzea da», argitu zuen Vincent Bru Kanboko auzapezak proiektuaren aurkezpenean. Izan ere, Luhosoko auzapez ohiak sortu zuen, duela hamar bat urte, herriko ikusgarri gela hori. «Gela hori Luhosoko auzapezak eraiki zuen, bere kabuz, inguruko herrien parte hartzea eskatu gabe», gogorarazi zuen Bruk. Urteak igaro ondoren, eraikin horrek porrot nabarmena izan du, diru galera izugarriak eragin ditu.

Herri elkargoa osatzen duten bost herriek beren gain hartu dute, beraz, gunea, eta, horretan proiektu berria lantzea erabaki dute. Harri Xuria deituriko egitasmo horren bidez, kultur gune nagusi bat sortu nahi dute Luhoson. «Lurralde proiektu bat izango da. Xedea ez da bakarrik areto handi hori berpiztea, baina, bai kultur dinamika bat sortzea herri elkargoa osatzen duten bost herrietan», zehaztu zuen Ximun Fuch antzerkilariak. Luhosoko aretoan artisten egonaldiak nagusituko dira, eta, sala horrekin batera, 500 metro karratuko tailerrak eraikiko dituzte. «Luhosoko gela lantegi gune bat izango da, tailerretan jantziak, saioak eta obrari dagozkion beste ekintzak gauzatzeko baliatuko da», argitu zuten.

Hiru arloetan arituko dira lanean: kale antzerkia, euskarazko antzerkia eta dantza. Hiru egonaldi finkatuak dira: uztailean Artedrama taldea, azaroan Humani Théâtre eta, abenduan, Opera Pagai. Tartean, proiektu berriari ongietorria emateko ekainaren 5etik eta 12ra Harri Xuria Abian jaialdia antolatu dute.

Kale antzerkia nagusi

Astebetez, Luhoso zein Kanbo, Ezpeleta, Itsasu eta Zuraiden aldizkatuko dira emanaldiak. Ikusgarriak doan edo bost euroren truke ikusteko aukera izango da, Kukai taldearen «Soka», Petit Théâtre de Painen «Aulki Hutsa» izango dira ikusgai.

Kilikolo Zirko-ren «Bi» izeneko azken lana Zuraiden

Harri Xuria Abian jaialdia kari, Kilikolo Zirko taldearen «Bi» deituriko azken sorkuntza aurkeztuko da. «Bi» izenburuak adierazten duen bezala, bikote baten inguruko amodiozko istorioa du ardatz obrak. Zirku diziplinen bidez, ikusgarriak, bi pertsonaiak orainaldian eta iraganean azaltzen ditu. Adin bateko jendeak aulki batean jarriak dira. Gaztetan elkarrekin aritu dira ikusgarri handietan. Oroitzapen, bideo, argazki, musika eta anekdoten bidez, garai ezberdinetara eramaten ditu ikusleak ikuskizunak. Giro horretan barnatzeko, tresna jokoak, trapezioa, eskuz eskukoak eta beste hainbat tresna aukeratu dituzte bi pertsonaia nagusiek ikuskizun berri horretan. Bi arizale izango direlarik, lau dekoratu eta lau garai ezberdin aldizkatuz joango dira obran. Lehen emanaldia, beraz, ekainaren 9an izango da Zuraideko frontoian, arratseko bederatzi eta erdietatik goiti. «Umorea, arraileria eta poesia elkartzen ditu ikusgarriak», nabarmendu zuten egileek.

Ikuskizun berri hori egiteko, Kilikolo Zirko taldeak egonaldi bat egin du Luhosoko aretoan. «Egonaldiak hasiak ditugu gela horretan Harri Xuri proiektua ofizialki abiatu aitzin», argitu zuen Ximun Fuchek. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo