GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea

Aralarren beldurrak

Aralarrek dio II-HE Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasunak ezin dituela abertzaleak, euskara eta euskal kultura defendatu, espainola delako.

Defendatu al ditu Aralarrek sufragio eskubiderik gabeko abertzaleak? Bultzatu al du hizkuntz politika berria? Aralarrek ez du Europako pertsonen, herrien eta hizkuntz komunitate guztien berdintasunaren printzipioa indartu, balio juridiko unibertsalen arabera, estatuek inposatzen dituzten menpeko hizkuntz politikak gainditzeko eta euskararen lehentasuna bideratzeko Euskal Herri osoan. Ez du poloniarrek edo holandarrek euren nazio identitatea bizitzeko dituzten eskubideak, aukerak eta baliabideak behar ditugula exijitu, erreparazio historikoaren bidetik, euskaraz biziko den Euskal Herri euskalduna berrosatzeko.

Oraingo honetan, erratu dira ezker abertzalearen baztertze interesatua bilatzen zuten guztiak. Besteren artean, Rubalcaba, egitez; eta Aralar, egin ezaz. II-HE ez da ezker abertzalearen zerrenda, baina gure irizpideak jasotzen ditu. Espero dugu Alfonso Sastre Europara eramatea eta handik irtenbideak bultzatzea Euskal Herriarentzat.

II-HEren aldeko botoak balio handia izango du: Euskal Herriaren egoera ez demokratikoa nabarmentzeko Europan; Euskal Herriarentzat eta Europa osoarentzat eredu sozialista aldarrikatzeko; gatazkaren bakezko irtenbide demokratikoaren alde Europaren eta nazioarteko komunitatearen inplikazioa eskatzeko; elkarrizketa eta negoziazio politikoa exijitzeko, herri honek bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki dezan; eta euskaraz biziko den Euskal Herri euskalduna galdatzeko.

Espainolekin eta frantsesekin ez gaitu batzen nazio berekoa izateak, klase berekoa izateak baizik. Ezker abertzaleak ez du gatazkarik espainol eta frantsesekin, Espainiako eta Frantziako estatuekin baizik. Estatuek herriak zanpatzen eta herrien arteko elkartasuna trabatzen dituzte, baina Iniziatiba Internazionalistak hautsi egin du PSOEk, IUk, CCOOk eta UGTk bideratzen duten Espainiaren estatu-estrategia.

Herri askeen arteko «Internazionalak» Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa bultzatuko ditu. Zehazki, Euskal Herriko estatu askea, sozialista eta euskalduna. Europako Hauteskundeetan II-HEk emaitza onak lortzeak erraztuko du bloke independentista eratzea, ezker abertzaleak Euskal Herriak bizi duen blokeoa haustea eta Loiolaren bigarren zatia jokatzea. Agian, horren beldur da Aralar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo