GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Zatiketa, iragarri baino lehen, egitatea zen

Gipuzkoako Eusko Alkartasuneko zuzendaritzako zenbait kidek alderdia utzi dutela herenegun gauean iragarri bazuten ere, EA aspalditik zatitua zegoela jakina zen. Bi ildoetako kideak ez dira alderdiak hil honetan egingo duen biltzarrera ere elkarrekin iritsiko. Ezta lau egun barruko hauteskundeetara ere. Alderdiko buruak, ildoaren arabera, alderdi desberdinetakoak bailiran agertu ziren jendaurrean. Eta azkenaldian biltzarrera begira batasunerako deiak egiten hasi zirenerako, Alkarbide alderdia sortzeko asmoa dutenek erregistratuta zituzten beren Interneteko domeinuak. Horrek begi-bistan zegoena baieztatu baino ez du egiten. Izan ere, sumatzen zen zatiketa egitatea zen.

Abertzaleen atomizazioa kezkagarria da, eta atomizazio hori areagotzea ez da inondik inora albiste ona. Nolanahi ere, EAko ildo desberdinek bateraezinak dirudite, apustu desberdina eta abertzaletasuna ulertzeko era desberdina dituzte-eta. Alderdia utzi berri dutenek esana zuten, eta hala berretsi berri dute, EAJrekiko harreman egonkorra nahiago dutela burujabetzaren aldeko mugimendu demokratikoa baino. Horiek horrela, ikuspuntu abertzale batetik, berez kezkarako eta hausnarketarako motibo dena lagungarri ere gerta liteke abertzaletasunaren estrategia eta taktikak argitze bidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo